Hamar urte atzera, bertsoaren jiran ari ziren, batean eta bestean, Tolosaldean. «Baina ez geneukan ezer ofizialik; bertso eskola ibiltari bat bakarrik, eta hor ere ahal zuena egiten ari zen bakoitza», azaldu du Beñat Iguaran Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kide eta bertsolariak. «Belaunaldien arteko eten bat” sortzen ari zela ere nabaritu zuten taldean. «Gazte askorik ez zetorren, ez geneukan 20 urtetik beherako bertsolaririk bertso eskoletan, eta errealitate horren aurrean zerbait egin nahiak elkartu gintuen». Beñat Iguaranek aitortu du garai hartan Mikel Artola alegiarra «egoskortu» zela pixka bat zerbait egin zezaketela sinetsita —Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langilea da gaur egun—. «Eta egin egin genuen».
Hasieratik, elkargune izateko jaio zen Harituz. «Ez bertsolariena bakarrik; bertso eragileena, zaleena… denena», zehaztu du Oihana Iguaranek, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kide eta bertsolariak. «Bertsotan egiteko eta elkartzeko premiak sortu zuen proiektua, guztiok kohesionatzeko beharrak. Baina, hasieratik, eragiteko asmoa ere bazeukan Harituz-ek: gai jartzaileen artean, tokian tokiko antolakuntzan zebiltzanen artean… Denborarekin planifikatu dugu dena, pixkanaka». Oihana Iguaranek aitortu duenez, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren mugimendu osoa iraunarazteko daukan proiektua eredu gisa hartuta eta Tolosaldera egokituta. «Bertsolariak sortzea ondo dagoelako», esan du Beñat Iguaranek. «Baina bertsolaria alferrik ari da zalerik ez badago». Euren belaunaldia «mugitua» zela azpimarratu du Beñat Iguaranek. «Eta inguruan beti geneukan laguntzeko prest zegoen jendea».
Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.