Enpresari handien jabetzako frankiziak zein saltoki handiak hasi dira azken urteetan Gipuzkoako hiri eta herrietako kaleak blaitzen. Geroz eta gehiago dira, aldiz, ateak itxi dituzten denda txikiak: hamarkadak zabalik izan ondoren Interneten uretan ito direnak, edo, erretiroa hartu ondoren, negozioan jarraitzeko inor aurkitu ez dutenak. Asko dira hango eta hemengo txokoetako dendariek eman dituzten arrazoiak.
Amasa-Villabonako Galerias MJ dendako dendaria
«Jende gazteari Internet bidez erakutsi behar zaio materiala»
«Nire etxea da. Nire bizitza osoa eman diot». Horrela deskribatu du Amasa-Villabonako Galerias MJ etxeko arropa zein dekorazio denda Carmen Fuente bertako dendariak. Alde batetik bestera dabil azken egunotan, denda uzteko egin beharreko zereginetan. «Ni erretiratu egingo naiz, eta azken hogei urteetan nirekin lanean ibili den lankideak hartuko du denda. 55 urte dauzka. Alokairua eta inbentarioa kobratuko dizkiot, eta, horrela, errazago hasi ahal izango da. Hark denda hartzea nahi dut, eta lagundu egin behar da horretarako; bestela, akabo». 1945ean ireki zuen denda Fuenteren familiak. «Garai berrietara egokitzen joan da». Hain zuzen, Internetek ekarri duen aldaketara ere egokitu da denda; Facebook jarri zuten lehenengo, eta Instagram gero. «Etxez etxe joan ohi naiz askotan gortinak eta bestelakoak jartzera, eta egiten dudan guztiaren argazkiak jartzen ditut Instagramen. Jende gazteari Internet bidez erakutsi behar zaio materiala, dendetara ez direlako etortzen. Etortzen dira, esaterako, Instagramen jarri dudana ikusten badute».
Kalerako arropa ere saltzen zuen lehen, baina gortinak online erostea zailagoa zela ikusita, produktu horretan espezializatuz joan da. Negozioak aurrera jarraitzeko, denda utziko dionari bidea erraztea garrantzitsua dela deritzo: «Gure kasuan, biok jarri dugu asko gure aldetik negozioak jarrai dezan, eta espero dut urte askoan zabalik jarraitzea».
Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.