Errimen bilduma bat

Erabiltzailearen aurpegia Kerman Garralda Zubimendi 2023ko eka. 30a, 21:59

Argazkia: Gipuzkoako Hitza

Euskal Herrira iritsita, Daniel Scottentzat "oso zaila" izan zen bat-bateko bertsoak sortzea. Ez zuen alboratu nahi, ordea, eta bertso paperekin hasi zen. Hirugarren albuma kaleratu berri du: ‘Bertsorap’.

Daniel Scott argentinarra duela ia hogei urte izan zen lehen aldiz Euskal Herrian. “Esperientzia izugarria” izan zela dio; horrenbeste, bertara ezkondu da. Tolosan, Usurbilen, Orion… hamaika urte daramatza Buenos Aires jaioterritik milaka kilometrora bizitzen. Euskara ikastea ere lortu du bitarte horretan. Ondo, gainera. Hain ondo, hitzekin jolas egitera ere ausartu da: Bertsorap liburua kaleratu berri du.

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako bertso, kopla eta rap bilduma bat da Bertsorap. Hirugarren edizioa du, zehazki. Lehenengoa, 2020ko pandemia baino lehen kaleratu zuen: “Tolosan bizi nintzenean, Alegiako bertso eskolara joan nintzen. Asko gustatzen zaizkit bertsoak, eta probatu egin nahi nuen”, oroitu du. Ez zaio damutu. “Oso giro polita genuen. Nire adineko jendea eta apur bat gazteagoak zeuden. Lagunak egin nituen, eta oso gustura joaten nintzen”. Inprobisatzea, baina, “oso zaila” egiten zitzaion, eta bertso paperekin probatu zuen: “Afizio moduan hasi nintzen, eta orain ezin diot utzi idazteari. Asko gustatzen zait”. Mordoxka bat egin zuenean, liburu batean jaso zituen. “Baina oparitzeko bakarrik, nire hurbilekoentzat”, zehaztu du. “Harrera ona izan zuen, ordea, eta saltzen hasi nintzen; diru iturri bilakatu da gerora”.

Hirugarren edizioan bildutako bertsoak, paradoxikoki, Argentinan idatzitakoak dira. “Euskararekin harremana ez apurtzeko balio izan zidan idazteak”. Gizarte gaiak landu ditu, bereziki: demokrazia, migrazio fenomenoak, nazionalismoa, euskara… “Gaztelaniaz badago esaera bat zera dioena: Lo que hay en el corazón dice la boca [Bihotzean dagoena esaten du ahoak]. Niretzako oso gai garrantzitsuak dira, eta onura egiten dit horien inguruan idazteak eta hausnartzeak. Pentsatu nahi dut irakurleei ere mesede egingo diela”.

Fedeaz ere idatzi du Scottek. “Fededuna naiz ni, kristaua. Eta gustatzen zait fedea bide moduan ikustea. Nire eredua eta nire bidea Jesus da. Asko idazten dut berari buruz. Ez erlijioari buruz, bideari eta Jesusi buruz baizik”.Teologia ikasketak egin zituen unibertsitatean; Politika Zientziak ere ikasi zituen. “Asko gustatzen zait teologiaren eta gizarteko arazoen arteko zubi lana egitea”.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!