Koronabirusa

«Ez da aurrerapenik izan Covid iraunkorra dugunon arretan»

Erabiltzailearen aurpegia Miren Garate 2023ko ekainaren 30a

Argazkia: Maialen Andres / Foku

2020ko urrian harrapatu zuen COVID-19a Goikoetxeak, eta, ordutik, gaixo dago. Euskal Herriko Long Covid elkarteko kidea da. Haserre daude Rosa Perez Osakidetzako zuzendariak adierazi berri dituenekin.

Irailean beteko ditu bi urte Euskal Herriko Long Covid elkarteak. 171 kide ditu gaur egun, eta horietako bat da Amaia Goikoetxea Bedaion bizi den herritarra (Elduain, 1972). COVID iraunkorra duten gaixoentzako unitate espezifiko bat eskatzen dute. «Bestela, une oro guk ibili behar izaten dugu alde batetik bestera».

Hasieratik, Euskal Herriko Long Covid elkartearen eskaera nagusietako bat izan da unitate espezifiko bat sortzea Osakidetzan, COVID iraunkorra duzuen gaixoak artatzeko. Zein da egoera une honetan?

Ez dute ezer egin. Familia medikuarengana joaten gara, eta ez dute jakiten nora bideratu. Iazko ekainean, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen ebazpen bat, eta esan zuten unitate espezifiko bat sortuko zutela Osakidetzan guretzat, medikuei prestakuntza emango zietela, gaixotasunaren markatzaile biologikoen identifikazioan sakonduko zutela… Baina ez da aurrerapenik izan COVID iraunkorra dugunon arretan.

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, Rosa Perez Osakidetzako zuzendariak esan berri du betetzen ari direla aipatu duzun ebazpena, eta dagoeneko sortu direla arreta espezifikorako hainbat kontsulta.

2020an pandemia etorri zenean ezarritako protokoloekin ari dira, baina, horretaz aparte, ez dago ezer berririk. Oso-oso minduta gaude Rosa Perezen adierazpenekin, gezurretan ari delako. Hark esandakoak entzunda, badirudi bideratuta dagoela kontua, baina inondik inora ez da horrela. Aurpegira barre egin digun sentsazioa dugu.

Zuentzat, zergatik da garrantzitsua unitate espezifiko hori sortzea?

Bestela, guk ibili behar izaten dugu une oro alde batetik bestera. Bakoitzaren medikuaren borondateak ere eragin handia du. Nik neuk zorte handia izan dut, nire familia medikuak oso ondo tratatu nau, eta Donostia ospitalean ere oso gustura nabil barne medikuarekin eta neurologoarekin. Dena den, izan ditut bestelakoak ere: errehabilitazioko medikuarengana bidali ninduten, eta esan zidan gaixotasuna neuk sortzen dudala. Gaixo batentzat oso gogorra da hori entzun behar izatea. Elkarteko kide askori gertatu zaizkie halakoak: gaizki daudelako medikuarengana joan, eta asmatutako zerbait dutela entzun behar izatea.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!