Fuel olioa garraiatzen zuen Prestige ontzia bitan zatitu zen, eta 2002ko azaroaren 13an hondoratu zen, Galiziako kostaldetik 4,6 itsas miliara. Hondamendi natural izugarria izan zen Kantauri osoan, Galiziatik hasi eta Euskal Herriko itsaso eta kostalderaino. Kaltea zenbakietara ekarrita, 37.000 tona galipot isuri zituen ontziak, 1.137 hondartzatan izan ziren kalteak, eta euskal kostaldera 3.200 tona galipot ailegatu ziren. 130 euskal arrantzontzik 21.000 tona jaso zituzten itsasotik. Irudi lazgarrienak Galizian jaso ziren; han berehala hasi ziren hondamendiak begien bistan utzitakoak nabaritzen; euskal kostaldera 2003ko urtarrilean hasi ziren iristen lehen orbanak. Hondarribiko arrantzaleek orduko hartan egindako lana argazkitan jaso zuen Migel Zeberio musikari eta argazkilariak, eta, bi hamarkada geroago, erakusketa bat sortu eta zabaldu du Hondarribiko Arma Plazan. Ekainaren 18ra arte egongo da irekita.
Gertatutakoa gogorarazteko hainbat ekitaldi egiten ari dira han-hemenka, eta, horri segika, hondamendiaren oroimenean bere aletxoa jarri nahi izan du Zeberiok ere, irudi bidez. Hondarribiko Guadalupeko izarra arrantzontzitik atera zituen argazki horiek: marinelak galipota jasotzen ageri dira.
Egun bateko kronika eta dokumentazio lana da Zeberiok duela hogei urte egindakoa. Azaldu du ontzi batera igotzeko aukera arrantzaleak ezagutzen zituelako eduki zuela, Prestige-ren hondamendiaren garaian debekatuta baitzegoen arrantzale ez zirenak ontzietara igotzea: «Ni orain enteratu naiz horretaz. Debekua bereziki indartu zuten kanpaina horretan, inork ez zekielako zeren aurrean zeuden eta zein ondorio izan zitzakeen». Analogikoan ateratako 25 argazki dauzka erakusketan, eta Azken Muga kolektiboko Karen Amaiak lagundu dio digitalizazioan.
Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.