Ispilu bati begira

Erabiltzailearen aurpegia Unai Zubeldia 2023ko maiatzaren 12a

Urte erdi bat bete berri da Lizartzako Kimua dantza kolektiboak ‘GenErorAntz’ ikuskizuna taularatu zuenetik. Zarauzko Modelo aretoan ariko dira gaur, 20:00etan. Dantza eta hitza uztartuta, generoaren inguruko hausnarketa bat proposatzen du dantza kolektiboak.

Hiru urte atzera, kultur sorkuntzaren alorrean leherketa txiki bat eragin zuen COVID-19aren pandemiak, eta, neurri batean, koronabirusaren fruitua izan zen Lizartzako Kimua dantza kolektiboaren GenEroa kale ikuskizuna ere. «Kalean sortutakoa zen lan hura, baina argi geneukan antzokira eraman nahi genuela, han garatu nahi genuela», esan du Garazi Egiguren Kimua dantza kolektiboko kideak. 2021eko ekainaren 26an estreinatu zuten GenEroa ikuskizuna, Tolosako Alondegi plazan, eta iazko urriaren 21ean taularatu zuten hura oinarri hartuta antzokietarako egokitutako GenErorAntz emanaldia, Beasaingo Usurbe antzokian. Urte erdi bat bete berritan, seigarren saioa izango dute gaur, Zarauzko Modelo aretoan, 20:00etan.

Egigurenek jakinarazi duenez, kaletik antzokirako pausoan koreografia berri batzuk txertatu zituzten emanaldian. “Antzokiak ematen duelako bestelako ikuspegi bat, bestelako aukera bat”. Baina bere horretan eutsi zieten beste hainbat ezaugarriri: “Ekaitz Goikoetxearen ekarpenari, esaterako. Ekaitzek aspalditik lanketa handia eginda dauka generoaren inguruan, sentsibilitate handia du, eta haren esku daude bertsoak, olerkiak… Ikuskizunaren zutabeetako bat da”. Egigurenek gaineratu du “oinarri berbera” daukatela bi lanek. “Baina bata zein bestea ikusi dituztenek aitortu digute sentipen desberdinak direla, fokua erabat aldatzen dela. Gu oso pozik gaude emaitzarekin”. Kepa Errasti aritu da zuzendaritza artistiko lanetan.

Jarraitu albistea irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!