“Historiaurreko erreferentzia bihurtu nahi dugu Deba bailara”

Erabiltzailearen aurpegia June Romatet Ibarguren 2023ko api. 7a, 18:00

Argazkia. gipuzkoa.hitza.eus

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Debako Udalak artea, komunikazioa eta zientzia uztartzen dituen Historiaurreko Bailara proiektua sortu dute Deba eskualdean. 200.000 urte atzera egin dute. Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa da Asier Hilario (Tolosa, 1977).

Azken urteotan Deba eskualdeko historiaurreko kontuak aztertzen aritu da Asier Hilario (Tolosa, 1977) Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa, hainbat paleontologo, arkeologo, arkitekto eta zientzialari ondoan zituela. Proiektuaren adarretako bati helduta, historian barrena ibilbide bat egiteko proposamena aurkeztu berri dute Deban: Historiaurreko Bailara. Deba eskualdeko ondare arkeologikoa agerian uztea da haien helburua.

Noiz hasi zineten Deba eskualdeko historiaurreko kontuak aztertzen?

Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan kokatuta dago proiektu hau. Flyscharekin gertatu bezala, gu iritsi baino askoz lehenago hasi ziren proiektu hau lantzen; XX. mendearen hasieran ekin zieten lehen ikerketei, Aranzadi zientzia elkarteak, besteak beste. Haiek zehaztu zituzten oinarriak. Informazio asko jaso zuten, eta, hori gabe, orain ezingo genuke egin proiektu on bat. Geoparkearen garapenean eta estrategian aukera hau beti izan dugu gordea, eta duela bi edo hiru urte pentsatu genuen proiektua martxan jartzen hasteko garai egokia zela. Geoparkea eta Debako Udala elkarlanean hasi ginen pixkanaka guztiari forma eman ahal izateko.

Ez da erraza izango informazio guztia hartu eta horri forma ematea, ezta?

Egia da azken urteotan bereziki flyscharengatik izan dela ezaguna gure geoparkea; azkenean, geologikoki horrek kokatu gaitu munduan. Baina barnealdeko geologiarekin lotuta, badugu beste altxor izugarri bat: bereziki, Deba bailaran dauden kobazuloak eta aztarnategiak. Ziurrenik, Kantauri isurialdean dagoen Goi Paleolitoko aztarnategi kopururik handiena dago ibar honetan; hau da, Pirinioetatik hasi eta Asturiaserainoko [Espainia] tartean, Deba bailaran dago kobazulo eta aztarnategi kopururik handiena. Gainera, oso denbora tarte luzea gordetzen dute aztarnategi horiek, duela 200.000 urtetik gaur egunerainokoa, eta oso atzera joatea da hori. Bereziki, Goi Paleolitoko kobazulo kontzentrazio handia daukagu hemen, duela 15.000 urtekoa, eta gure arbasoen inguruko informazio asko jasotzea ahalbidetu digu horrek.

Zer egingo duzue jasotako informazio guztiarekin?

Geoparketik ez dugu hitz egin nahi izan kultur ikuspegiaz bakarrik. Gizakiaren garapena lotu nahi izan dugu klimaren garapenarekin, adibidez, edo itsasoaren mailaren garapenarekin, edo begetazioaren eta faunaren presentziarekin… Jendeak badaki, ziurrenik, duela 15.000 urte Ekaingo haitzuloetan gure arbasoak margotzen aritu zirela, baina oso jende gutxik daki garai hartako gizakiak bisonteekin, mamutekin, lehoiekin, otsoekin edo hartzekin bizi izan zirela. Hori guztia ekarri nahi izan dugu gogora, eta proiektu garrantzitsu bat sortu dugu: Deba bailaran zehar ibilbide bat, hondartzan hasi eta Sasiola ingururainokoa.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!