Ingurumena jomugan

Erabiltzailearen aurpegia Maria Ortega Zubiate 2022ko uztailaren 29a

Gipuzkoan lau parke eoliko egiteko proiektuak daude. Herri horietako auzokideak bildu egin dira, parkeek inguruenari eta osasunari egin diezaieketen kaltearen beldur. Saretzearen eta herritarrak  informatzearen garrantzia azpimarratu dute. 

Gipuzkoako mendialdea energia berriztagarrien proiektuen helmuga bilakatu da azken urtean. Lurraldean lau parke eoliko egiteko proiektuak daude, baina oraindik ez da eman haiei buruzko erabakirik. Hala ere, zenbait auzokide eta herritarren artean larridura piztu du beren mendialdean halako obra handiak egingo dituztela jakiteak, eta zenbait plataforma eratu dituzte, herritarrak “informatu” eta etorkizunean “alegazioak” aurkezte aldera. Orain, elkarrekin saretzen ari dira, “fronte bat eratzearen garrantziaz” jabetuta.

Soraluze eta Elgoibar arteko Kortazar edo Karakate mendian, Zizurkil eta Usurbil arteko Ezkeltzu-Andatzan, eta Azkoitia, Urretxu eta Zumarraga arteko Buruzain daude lau proiektu horietatik hiru. Iazko urte bukaeraren eta aurtengo udaberriaren artean erregistratu zituzten eskaerak, guztiak enpresa beraren edo haren filialen baten izenean: Green Capital da enpresa. Proiektuen berri izan bezain pronto hasi ziren herriotako zenbait herritar eta kaltetu batzen, eta horrela sortu dira, hurrenez hurren, Karakate Bizirik, Ezkeltzu-Andatza Bizirik eta Oletan ere Ez plataformak, parke eolikoen eredu horren aurka.

Ttala Lizarraga Zizurkilgo plataformakoa da; hau da, Ezkeltzu-Andatza Bizirik plataformakoa. Kezkatutako herritar bat izateaz gain, baliteke obrak zuzenean kalte egitea hari, parke eolikoa egiteko asmoa dagoen lekutik bostehun metrora bizi baita. Plataforman parte hartzera animatu zen proiektuak kezka sortu ziolako: “Ezketzu-Andatzako paraje hori izugarri polita da, zoragarria, eta hor dorre bat jartzea ez da bidezkoa”. Herri mailako bilera batera deitu zituen Zizurkilgo Udalak. “Udalak jakinarazi zigun zer zetorren, baita berak alegazioak egin nahi zituela ere”.

Segi irakurtzen...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!