Tiken konbinazioa da Touretteren sindromearen ezaugarri nagusia; aldatuz ere joaten dira tik horiek, eta, maiz, antsietatea edo nahasmendu obsesibo konpultsiboa ere ekar ditzakete. Sergio Aierra (Tolosa, 1979) da gaitza dutenetako bat. Azaldu du tikak ezin direla kontrolatu, eta kontrolatzeko ahaleginak ere ondorio kaltegarriak izaten dituela. “Denbora osoan zaude tik horren kontra borrokan, eta horrek antsietatea sortzen du”.
Joan den asteartean izan zen Touretteren Sindromearen Nazioarteko Eguna. Oraindik ere ez da oso ezaguna gizartean. Zein dira gaixotasunaren ezaugarriak?
Ez da oso ezaguna, ez; gaixotasun arrarotzat hartzen da. Lehenik eta behin, tikak dira tourettearen ezaugarri nagusia: alde batetik, tik fonikoak, ahotsarekin egiten diren soinuak eta abar, eta batzuetan koprolalia ere bai, hau da, hitz itsusiak edo irainak esatea; bestetik, tik motorrak edukitzen dira, begiak, ahoa, sorbalda edo beste edozer mugitzea. Urteek aurrera egin ahala, beste gauza batzuk ere agertzen dira; nire kasuan, adibidez, antsietatea. Nahasmendu obsesibo konpultsiboa ere ohikoa izaten da; esate baterako, kalean farola bat ikusiz gero, hiru buelta eman beharra nahitaez. Nik neuk, ordea, aldi labur batzuetan baino ez dut izan nahasmendu obsesibo konpultsiboa.