Keinu Hizkuntzako 12. Nazioarteko Zinemaldia egingo dute bihar, 11:00etatik aurrera, Tolosako Leidor antzokian. Keinu hizkuntzan ekoitzitako hamabi film labur izango dira lehian: Aten (Katalunia), Cronos (Katalunia), Unic (Katalunia), La Maynade (Frantzia), El Circle (Katalunia), The Doll (Erresuma Batua) eta Hay dos idiomas (Katalunia) aurrena, eta, ordu erdiko atsedenaren ostean, Te quiero pa (Espainia), El seto (Espainia), El novio perfecto (Frantzia), Lladres del Temps (Katalunia) eta Feeling Through (Ameriketako Estatu Batuak). Filmak ikusi ostean, sari banaketa egingo dute, eta, hura amaitutakoan, bazkaria. Gainditzen Tolosaldeko eta Goierriko gorren elkartea da antolatzaileetako bat. Julian Rodriguez lehendakariak zehaztu du entzuten duten pertsonak ere gonbidatuta daudela jaialdira.
Nondik nora etorri zen Keinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinemaldia antolatzeko ideia?
Duela hamabost urte, Frantziako Reims hirian antolatzen duten gorren arte jaialdi batera joan ginen, eta konturatu ginen kultura ezberdin asko daudela. Gu sentsibilizazio astera geunden ohituta, hemen antolatzen genituen hitzaldi, antzerki, erakusketetara… Reimseko jaialdia Europako garrantzitsuena da, eta, han, inoiz ikusi ez genituen film laburrak ere bazeuden, hainbat herrialdetakoak, gainera. Jaialdi horretan, Madrilgo pertsona gor bat ezagutu nuen, eta, ikusita Tolosan sentsibilizazio astea eta abar egiten genituela, zinema jaialdia antolatzeko esaten hasi zitzaigun, eta horrela sortu zen ideia. Lehen jaialdi ofizialaren aurretik, beste bi egin genituen proba modura; beraz, hau 14. aldia da berez, nahiz eta ofizialki 12. aldia izan.
Euskal Herrian keinu hizkuntzako zinemaldi bakarra da Tolosakoa. Nazioartean ohikoagoak al dira halakoak?
Euskal Herrian ez dago besterik, ez. Espainian, badago jaialdi bat, baina ez da nazioartekoa. AEBetan bizpahiru egiten dituzte, Kanadan bat dago, eta Suedian eta Japonian ere bai. Erresuma Batuan, Italian eta Herbehereetan ere badituzte keinu hizkuntzako zinemaldiak, baina orain geldirik daudela uste dut. Reimsekoa pixka bat desberdina da: bi urtean behin egiten dute, eta orokorragoa da, gorren arte jaialdia delako, eta, film laburrez gain, mimoak, margolanak, musika, umorea, antzerkia eta abar ere egoten direlako.