Lanean hasi nintzenean, ez zegoen nire tamainako kaskorik, denak handiak geratzen zitzaizkidan. Eta obrako botekin, berdin: txikienak 39 tailakoak ziren, eta nik 36 behar nuen. Ez zegoen ezer guretzat”, dio Make Txokarrok (Azkoitia, 1943). Arropen tamainak txikikeria irudi lezake, eraikuntza bezalako “sektore maskulino” batek emakumeekiko izan zezakeen arroztasuna erakusteko, baina nahiko adierazgarria izan daiteke emakumeak sektorean duen edo zuen leku sinbolikoa ikusteko.Txokarrok ondo ezagutu du lanbidea; 1968an eman zuen izena Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialean, eta duela zazpi urtera arte obretan aritu da, aginduak ematen. Emakumezko elkargokide nagusiena da; hain zuzen ere, 2018an omendu zuten horregatik. Ia bizi osoa hauts eta erregela, bota zikin eta plano artean pasatu eta gero, sektorean aldaketak sakonak izan direla ondorioztatu du. “Baina emakumeentzat ez da asko aldatu. Duela 50 urte kezkatzen gintuzten gai berberei buruz hitz egiten dugu orain ere”.
Buruarekin baietz dio Maddi Amonarrizek (Tolosa, 1990). Hark ere jantzi izan du obrako kaskoa, eta egun aparejadoreen elkargoko zuzendaritza batzordeko kide ere bada; kiderik gazteena. Hain zuzen ere, aurten lehen aldiz, emakumezko bat izendatu dute elkargoko lehendakari: Nagore Azuabarrena; eta zuzendaritza batzordea ere inoizko parekideena da: erdi eta erdi dira emakumezkoak eta gizonezkoak.