Sanjoanak, sanpedroak eta sanmartzialak pasatuta, sanferminen, madalenen, sanignazioen eta abarren zain behar lukete festazaleek urte arrunt batean. Bigarren urtez jarraian, ordea, badirudi bertan behera geratuko direla herrietako festak, eta trukean kultur programazioa indartuko dutela udal gehienek. Hainbat dira urteko diru sarrera handienak festetan ateratzen dituzten negozioak. Iaz baino uda hobea espero duten arren, oraindik ere egoera larrian daudela diote.
Incansables txarangako kidea
Aurtengo uda galdutzat eman du Incansables txarangak. Urte normaletan ehun emanaldiren bueltan ibiltzen dira, eta aurten dozena bat inguru egingo dituztela esan du Igor Agirre taldeko kideak. “Dirudienez, txarangak programatzeko beldur handia dago, eta egiten ari garen emanaldiak ere kontzertu formatuan ari dira izaten, oholtzetan”.
Agirrek uste du elkarren zain daudela antolatzaileak. “Lehenengo txaranga atera eta ezer ez dela pasatzen ikusi ostean hasiko da mugitzen kontua”. Txaranga esanda, giro ona, jendea saltoka eta abar etorri ohi dira burura. “Guk ez dugu ikusten arazorik musika egiteko eta jendeari ondo pasarazteko. Denok dakigu zein neurri hartu behar ditugun osasuna bermatzeko: distantziak, behar denean musukoa…”. Esan du, adibidez, jendea terrazetan dagoen bitartean txarangak kalean ibiltzeak ez duela inolako kalterik egiten. “Gure jarduna egokitu genezake sor daitezkeen arrisku horiek saihesteko”.
Bien bitartean, egoera “etsigarri samarra” dela aitortu du. Entseguak mantendu dituzte, baina ezohiko dinamikarekin. “Aurrean ezer gutxi edukitzeak moralari ere eragiten dio. Gogorra da emanaldi baterako kristoren prestaketa egitea eta zukurik ez ateratzea. Eta beldur naiz txarangok ez ote garen izango itzultzen azkenak”. Berriro ere kaleetara ateratzen diren uneak ere eragiten dio kezka pixka bat. “6-8 orduko saioak egiten ditugu; fisikoki ere gogorra da, ezpainengatik eta abar, eta entrenamendu falta igarriko dugu, agian”.
Iaz 50 urte bete zituen Incansablesek. Urteurrenari lotuta, disko-liburu bat atera dute aurten, eta herri batzuetan izan dira aurkezpena egiten. “Oso eskertuta gaude deitu diguten horiekin, baina ospakizun urtea izan behar zuena erabat pattalduta geratu zaigu”. Agirrek esan du hurrengo urteko inauteriei begira daudela. “Ordurako ea etortzen den normalitate moduko zerbait”.