Elkarrizketa

Olatz Iruretagoiena: “Nahi badute, diruarekin buka dezakete soldata arrakala”

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Alberdi 2021ko eka. 18a, 11:11
Iturria: Jon Urbe/ Foku

Asteartean greba eguna izan zuten eraikinetako garbitzaileek, eraikin publiko zein pribatuetakoek. Soldata arrakala dute jomugan, garbiketako "sektore feminizatuetan" saria txikiagoa delako. Polizia etxeetako garbitzailea da Iruretagoiena.

Eraikinetako garbitzaileen auzia ez da piztu berria. 2018an, esaterako, polizia etxeetako eta epaitegietako garbitzaileek bederatzi hilabeteko greba egin zuten. Oraingoan, eraikinetako garbitzaile guztiei zabaldu diete deialdia, eraikin publiko zein pribatuetakoei; haien esanetan, generoa oinarri duen soldata arrakalak garbitzaile guztiei eragiten dielako. Olatz Iruretagoiena polizia etxeetako garbitzaileak (Alkiza, 1975) argi dauka denen artean egin behar dituztela hurrengo urratsak. Egun bakarreko mobilizazioa izan zen asteartekoa, baina langileek azpimarratu dute bidea hasi besterik ez dela egin.

Salatu duzue emakumeei eta gizonei ezberdin ordaintzen dizuetela lan bera egiteagatik. Zein da egoera?

Bi sektore daude: feminizatua, eraikinen barrualdean lan egiten dugunona; eta, maskulinizatua, kale garbitzaileena. Oinarrizko soldatetan dago gakoa, oinarrizko lansari handiagoa baitaukate haiek. Sari gehigarri batzuk ere badauzkate kalean lan egiten dutelako, eguraldiagatik, eta gu ez gara sartzen hor. Baina oinarrizko soldatak berbera izan behar du, lana bera delako: garbitzea.

Eraikinetako garbitzaileen artean ere badaude beste hainbat sektore: polizia etxeetakoak, ospitaleetakoak, etxe atariak garbitzen dituztenak… Zuen artean bada harremanik?

Oso sakabanatuta gaude. Soldata arrakalarekin atera gara batzuk kalera, baina taldeka atera gara, hitzarmena sinatzeko garaian. Langile askoren egoera hobetzen da horri esker, baina beste askok berdin jarraitzen dute. Feminizatutako garbiketa sektoreetan, diru aldetik, estua da hitzarmena.

Eraikinetan garbiketan ari zaretenon sare bat edo talde izaera bat sortzeko balioko du grebak?

Bai. Denok elkartu gara garbiketa sektoreari indarra emateko. Denon artean errazago iritsiko gara etorkizuneko lorpenetara. Hasiera bat da. Nahi badute, diruarekin buka dezakete soldata arrakala.

 

Elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!