Beste modu bateko hasiera bat

Erabiltzailearen aurpegia Unai Zubeldia 2021ko mai. 14a, 19:59

2019ko abenduan sortu zuten Amak musika taldea, eta, urte eta erdi eskas geroago, beren lehen diskoa aurkeztu dute, gaur, Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kristina Solanok, Donostian. Bihar bertan egingo dute lehen kontzertua, Bergarako Seminarixoan, 19:00etan.

“Urduri gaude”. Nahiz eta esperientzia handiko musikariak diren laurak. Alaitz Telletxeak (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribarrek (Maixa eta Ixiar), Amaia Orejak eta Kristina Solanok (M-n Ezten) 2019ko abenduan abiatu zuten Amak proiektua, eta, gaur, urte eta erdi eskas geroago, salgai jarriko dute taldearen lehen diskoa, online plataformetan eta dendetan: Amak. “Maitasun handiarekin aritu gara lanean”, ziurtatu du Lizarribarrek. “Denbora kontuak tarteko, grabaketan estres momentuak ere izan ditugun arren”. Gaur diskoa salgai jarrita, bihar emango dute lehen kontzertua, Bergarako Seminarixoan, 19:00etan. Aforoa murriztuta, sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.

Lau pandero, lau trikiti, lau ahots, lau emakume, eta hamaika bizipen eta ilusio daude Amak taldearen oinarrian. “Nire kasuan, 23 urte igaro dira azken diskoa atera genuenetik, baina dena da berria orain; duela urte batzuk bizi izandako sentsazioen antzekoak bizitzen ari gara, oso sentsazio politak”, dio Lizarribarrek. Urteotan “hainbat proiektutan” murgildu da laukoteko kide bakoitza. “Eta ilusio handia sortu digu hainbeste urteren ondoren berriz elkartzeak eta gurea den gauza bat egiteak”. Haren hitzetan, “iraungitze datarekin” jaio da Amak proiektua. “Honek, ziurrenik, ez du iraungo beste hamabost urte; elkarrekin gustura sentitu garelako sortu dugu proiektu hau, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen, baina gauzak beste modu batera egin nahi ditugu; gozatu egin nahi dugu”.

Disko bakoitzaren inguruan sortzen den zurrunbiloa hizketagai hartuta, garai batekoak eta oraingoak ez daukatela zerikusirik gaineratu du Amak taldeko kideak. “Sareak aukera asko ematen ditu orain, intriga moduko bat sor daiteke, eta jendearen erantzuna ere berehala nabaritzen da”. Sarea aipatuta, Amak taldeak jarraitzaileen eskura jarri zuen Gona gorria abestiaren bideoklipa —8.000 ikustaldi izan ditu jada—, eta jolas moduko bat ere proposatu zuen, hala nahi zuten guztiei gona gorria jantzi eta argazkiak ateratzeko eskatuz. “Ez da erraza izan neurria hartzea, ez genuelako espero bideoklipak hainbeste bisita izango zituenik. Berriak gara honetan, eta ez genuen sortu nahi aurreikuspen handirik ere”.

 

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!