Donostian elkartu ziren joan den igandean Gipuzkoako abesbatzetako ordezkariak, segurtasun neurriak beteta, haien jarduna ere segurtasun osoz egin daitekeela aldarrikatzeko —Bizkaian eta Araban ere izan ziren protestak—. Izan ere, COVID-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien eraginez, urte erditik gora daramate entseguak egiteko aukerarik gabe. David Azurza (Tolosa, 1968) Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakariaren esanetan, “desanimatuta” dago jendea, eta badaude ez jarraitzea erabaki duten abesbatzak ere.
Kantuz bai, isilik ez lelopean egin zenuten protesta, igandean. Zer eskatzen duzue?
Helbururik garrantzitsuena da entseguak eta kontzertuak egiten hastea berriz. Urriaren amaieran jarri zuten entseguak egiteko debekua. Kantatzea arrisku handiko jardueratzat hartzen da, baina, gure ustez, debekuak ez du zentzurik. Hain arriskutsua bada, eztabaida dezagun zer neurri hartu, eta jar ditzagun neurri gehiago. Halako eztabaidarik ez da egon, ordea, eta zuzenean debekatu egin dizkigute entseguak.
Eusko Jaurlaritzara jo duzue konponbide bila. Zer esan dizuete ?
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin hitz egin dugu guk, eta hark Labi batzordeari pasatzen dio pilota. Esaten digu oraintxe halako erabakiak Labi batzordeak hartzen dituela, eta ezin dutela ezer gehiago egin.
Osalanekin batera, protokolo bat prestatu zenuten, eta horrekin aritu zarete entseguak baimenduta egon diren bitartean. Zer biltzen du protokolo horrek?
Maskarak erabiltzea, distantziak gordetzea, aireztapena, gel hidroalkoholikoak… Ezer berezirik ez, baina pentsatzekoa da neurri horiek segurtasunez abesteko aukera bermatzen dutela. Iazko irailetik aurrera, entseguak baimenduta egon diren bitartean, maskarak jantzita kantatu dugu.