Astelehenetan eta ostegunetan, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen datuei adi-adi egoten dira herri txikietan ere. Gipuzkoan, 5.000 biztanle baino gutxiagoko 54 herri daude, eta hiru baldintza hartzen dira kontuan haien perimetroa itxi edo ez erabakitzeko: azkeneko zazpi egunetan herrian bi positibo baino gehiago izatea, azkeneko hamalautan positiboen intzidentzia tasa metatua 500 edo handiagoa izatea 100.000 biztanleko, eta, herriak ez ezik, osasun eskualdeak ere intzidentzia tasa hori izatea. Baldintza horiek guztiak betetzen dituztenez, konfinatuta daude Aizarnazabal, Ibarra, Irura, Leaburu eta Zestoa.
Aurreko egunetako datuak eta inguruko herrien egoera ikusita, Irurako Udala ez zuen ezustean harrapatu eremu gorrian sartu izanak —Villabonako osasun eremuan dago—. Asteartetik dago itxita, baina egun batzuk lehenago ere zenbait erabaki hartu zituzten: besteak beste, eskola kirolari ez berrekitea. Azkeneko hamalau egunetan, hemezortzi positibo izan dituzte. “Joera orokorra da, baina tasa goraka doala ikusteak beti kezkatzen zaitu. Hasieran, gainera, guri asko eragin zigun pandemiak, eta, luze doanez, neke puntu bat igartzen zaie herritarrei”, esan du Gorka Murua alkateak. Egunotan, ostalariekin hitz egitea izan da udaleko ordezkarien zereginetako bat. “Berriz ere diru laguntzen deialdi bat egitekotan gara, oso egoera zailean baitaude”.
Ez da gauza bera halako egoera batean zerbitzuei edo aisialdiari lotutako eskaintza handia duen herri batetik atera ezinda egotea edo herri txiki batean egotea. Baina Muruak nabarmendu du herri txikiek ere badituztela beren abantailak, besteak beste, elkar ezagutzen dutelako, eta laguntza ematea ere errazagoa izan ohi delako: esaterako, familiak konfinatzen dituztenean. “Pandemiaren hasieran, erosketa zerbitzua jarri genuen martxan, eta orain ere badago horretan laguntzen duen boluntario talde bat. Herri txikiok hiri batek baino gaitasun handiagoa edo baldintza hobeak ditugu azkar erantzuteko”.