Txikitasuna balio handia denean

Erabiltzailearen aurpegia
Argazkia: Urola Kostako Hitza

Iragan azarotik, hamasei astera arteko gurasotasun baimena har dezakete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arlo pribatuko langile guztiek.

Ordura arte, zortzi astekoak ziren bigarren gurasoen baimenak. Arau berria indarrean denetik, ordea, erditu ez direnek, guraso ez-biologikoek —adopzioen kasuetan—, guraso bakarreko familietakoek eta subrogazio bidezkoek baimena hamasei astera luzatzeko aukera dute. Baimen ordaindua izango da: amari dagozkion hamasei asteak eta bigarren gurasoaren lehen hamabiak Espainiako Gobernuak ordainduko ditu —urtarrilaren 1ean igaro zen Espainian baimena zortzi astetik hamabira—; hamabi astetik aurrerakoak, berriz, Eusko Jaurlaritzak. Langileak eszedentzia moduan hartu beharko ditu aste horiek eta baimena bukatu ostean jasoko du dagokion ordain ekonomikoa, aldi bakarrean eta gehienez bi hilabeteko epean. Haurra jaio eta hamabi hilabeteko epea izango dute baimen horiek erabiltzeko, baina bi gurasoek ezingo dituzte baimenak aldi berean hartu.

Hamasei asteko baimena eskatu ahal izango dute soldatapeko langileek, kooperatibetako langileek eta bazkideek, eta autonomoek. Umea haurtzaindegira eramaten duten familiek, ostera, ezingo dute baimen hori eskatu. Baldintza horrekin “benetako kontziliazioa” bultzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Haren esanetan, erantzukidetasuna eta haurrekiko harremana estutzea da gurasotasun baimenak luzatzearen eta parekatzearen helburua, eta haurra haurtzaindegira eramaten duten gurasoek ez lukete beteko helburu hori.

Langile publikoek are baldintza hobeak dituzte. Iragan irailetik Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioetako funtzionario guztiek hemezortzi asteko gurasotasun baimena har dezakete —amek aurretik ere bazuten eskubide hori—. Gainera, umea haurtzaindegira eramateak ez die galarazten baimena hartzeko eskubide hori.

Oro har, denek txalotu dute gurasotasun baimenak luzatzeko erabakia, baina baimenak hartzeko jarritako baldintzek kritikak ere eragin dituzte. Besteak beste, funtzionarioen eta gainontzeko langileen artean bereizketa egin izana gaitzetsi dute sindikatuek, batzuei besteei baino baimen luzeagoak hartzeko eskubidea aitortuta. Haur eskoletako langileek, ostera, beste puntu batean jarri dute arreta: ez dute egoki ikusten hamasei asteko baimena hartzen duten gurasoei umea haurtzaindegira eramateko aukera ukatu izana. Haien ustetan, lehendik ere gutxieneko kopuruetara iritsi ezinik ibiltzen diren landa eremuko haur eskola txikiak ixteko bidean jar ditzake erabaki horrek. Horregatik, haur eskola txikiei duten balioa emateko eskatu dute hezitzaileek, herriari egiten dioten ekarpena kontuan hartzeko, haur eskola zaintza zerbitzu soil bat baino askoz gehiago delako kasu horietan.

Ikasturte bakoitza, erronka

Igone Arrutik (Beizama, 1975) hamazazpi urte daramatza Haurreskolak partzuergoko haur eskoletan hezitzaile gisa lanean. Azpeitiko haur eskolan egin zituen pare bat urte kenduta, beste guztiak landa eremuko haur eskoletan egin ditu; azken urteak, Albizturkoan. “2003an haur eskolak ireki zituztenean, herri txiki askok aukera izan zuten ordura arteko amets bat egia bihurtzeko: herrian haur eskola bat izateko”, gogoratu du Arrutik. “Orduan lortutakoari nola edo hala eutsi nahian ari gara gu, baina ez digute askorik laguntzen erabaki hauekin”.

Aurtengo ikasturtean 2 urtera arteko lau haur dituzte Albizturko haur eskolan, eta Arrutiz gain, beste hezitzaile bat ere aritzen da lanean. Haur horietako baten ama da Jaione Elola (Bidania-Goiatz, 1986), eta gurasoa ez ezik, haur eskolako hezitzailea ere bada. Aurten Ormaiztegiko haur eskolan ari den arren, ederki ezagutzen du landa eremuko haur eskoletako egunerokoa, Tolosaldeko haur eskola txikietan hezitzaile ibiltari gisa lanean aritutakoa baita. “Herri txikietan ikasturte bakoitza erronka berri bat” izaten dela ziurtatu du. Izan ere, hiru haurreko gutxieneko kopurura iristen diren haur eskolek ikasturteari ekiten diote; iristen ez direnak, berriz, itxi egiten dituzte. Behin ixten duten haur eskola zabaltzea zailagoa izaten da gero, gutxienez bost haur egotea eskatzen dutelako. Gutxieneko kopuru horiek haur eskola guztientzat berdinak dira, txikientzat zein handientzat. Arrutiren ustetan, ordea, “denak ez lituzkete neurri berarekin neurtu behar”.

Bi hezitzaileak ados daude gurasotasun baimena hamasei astera luzatzearekin; aldiz, ez daude ados baimen hori hartzen dutenek umea haurtzaindegira eramateko aukerarik ez izatearekin. Elola ziur da haur eskola txikietako matrikulazioan jaitsiera antzemango dutela. “Azken urteetan matrikulazioan jaitsiera antzeman dugu, gero eta gehiago direlako eszedentzia hartu eta lehen urtean etxean geratzea erabakitzen duten gurasoak. Neurri honek beherakada nabarmenagoa eragingo du”. Elolaren irudiko, haurraren garapenerako “oso ona” da lehen zortzi hilabeteetan gurasoekin egotea, “haiek baitira bere oinarria”. Baina uste du familia bakoitza mundu bat dela, eta etxe bakoitzeko egoera desberdina dela. “Bakoitzak begiratu behar dio bereari eta erabaki haurra nola zainduko duen. Umea haur eskolara eramateko aukera, ordea, denok izan behar genuke, umea haur eskolan uzten duen gurasoa ez delako etxean edukitzen duena baino okerragoa edo hobea”.

Antzera iritzi dio Arrutik ere. “Gurasoek izan behar dute aukera hamasei asteko baimen horiek hartu eta euren haurraz gozatzeko, eta erabaki ona iruditzen zait bide horretan baimena luzatzea; gehiago luzatuko balute, hobe. Arazoa sortuko da guraso horiei lanera joateko garaia iristen zaienean eta herrian haur eskolarik ez dutenean”. Haren ustez, haurrarekin egoteko eskubideak eta haur eskolara eramatekoak ez lukete kontrajarriak izan behar. “Haur eskolak daude familiei umeen heziketan laguntzeko. Gure lana ez da bakarrik umeei jaten ematea eta fardelak aldatzea; umeentzat bigarren etxe bat izaten da haur eskola, eta oso garrantzitsua iruditzen zait horri balioa ematea”.

Hori horrela, uste du “erdibideko aukerak” aztertu beharko liratekeela. “Guraso horiei haurra ordu batzuez haur eskolara eramateko aukera ematea, adibidez. Bi edo hiru orduz eramateak bermatuko luke haur eskolak zabalik jarraitzea, eta, gainera, gurasoek euren gauzetarako denbora pixka bat izatea, landa eremuko herritarrek beti izaten baitituzte zereginak; etxean ez bada, kanpoan”. Uste du, gainera, horretarako laguntzak eman beharko liratekeela. Esan du Beizamako Udala aspaldi hasi zela horrelako laguntzak ematen. “Nik umea haur eskolara eramaten nuen garaian, herriko bi familiak zerbitzuaren beharra geneukan, baina hirugarrenak ez. Azkenean, udalak lagunduta, umea haur eskolara eramatea erabaki zuen, eta ez zuen damurik izan. Askotan ez duzu uste beharrik daukazunik, probatzen duzunera arte”. Arrutik uste du haurrak etxean oso ondo egon daitezkeela, baina batzuetan gurasoek behar izaten dutela laguntza eurak ondo egoteko ere. “Eta oso inportantea da zure umea leku seguru batean uztea”.

Herriarentzat galera

Beizamako haur eskolari eusten saiatu ziren arren, ez zuten lortu itxiera ekiditerik. “Ama, hezitzaile eta udaleko kide moduan bizitzea egokitu zitzaidan niri, eta oso momentu tristea izan zen”. Hala azaldu du Arrutik. Haur eskola itxi izanak herriari kalte handia eragin diola uste du. “Getariatik Beizamara bizitzera etorri zen batek esan zidan harentzat umea haur eskolara ekartzea sozializatzeko eta herritarrekin egoteko aitzakia zela”. Kontatu du Beizamako herrigunetik bi kilometrora bizi zela getariar hura, eta, haurra etxean berekin eduki zezakeen arren, haur eskolara eramatea erabaki zuela. “Autoa hartu behar izaten zuen umea haur eskolara eramateko, baina ez zitzaion axola, etxetik atera eta herritarrekin egoteko aukera izaten zuelako horrela”. Arrutiren ustez, herrian haur eskola izatea han bizitzen geratzeko edo beste norabaitera joateko arrazoi izan daiteke zenbait familiarentzat.

Itxiera gerturatzen

Josu Ozaita Baliarraingo alkateak (Ibarra, 1980), aldiz, beste modu batera ikusten ditu gauzak. Egoki ikusten du gurasotasun baimenak hamasei astera luzatzea eta baita baimen hori baliatzen dutenek umea haur eskolara eramateko aukerarik ez izatea ere, “bestela arriskua dagoelako baten batek erdi-oporrak egiteko, aitaren batek batez ere”. Haren ustez, neurri horrek ez du izango berebiziko eraginik. “Landa eremuko herrietako arazoa biztanleria falta da, eta beti egongo gara arrisku horretan; beti gaude krisian”.

Baliarrain 150 biztanleko herria izanik, haur eskolako hezitzaileak urtero izaten du zerbitzua martxan jartzeko gutxienekora iritsiko ez diren beldurra. “Horrekin bizitzen ikasi du azkenean. Urte batzuk egin ditu haur eskolak, baina nik uste dut pixkanaka-pixkanaka gerturatzen ari dela haur eskola zabalik mantendu ezingo dugun eguna”, adierazi du Ozaitak. “Ez dut esan nahi irailean haur eskolarik izango ez dugunik, baina bi edo hiru urte barru egoera horretan egon gintezke, agian”. Haurrak inguruko herrietako haur eskoletara eraman ahal izateari ez deritzo irtenbide aldrebesa.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!