Larraulgo festetan murgilduta dabil egunotan Maite Arana (Santurtzi, Bizkaia, 1970). Alkate izendatu zutenean, ekainaren 15ean, hori izan zen lehenengo lana. “Festak dira uztailean, eta antolatu egin behar ditugu”, esan zioten kargua hartu eta segituan. “Belaunek dar-dar egiten zidaten”. Halako herri txiki batean festak oso garrantzitsuak direla dio Aranak. Handik hogei kilometrora, Berrobin, antzeko egoerarekin egin zuen topo David de Miguel Lesek (Iruñea, Nafarroa, 1992). Han, abuztuaren amaieran ospatzen dituzte San Agustin jaiak.
Herri askotan bizi izango zuten egoera berbera alkate izendatu berriek. Baina ezberdina da Aranaren eta De Miguelen kasua. Ez dira herrikoak bertakoak, herria ez dute ezagutzen, eta ustekabean, espero gabe, iritsi dira alkatetzara. PSE-EE alderdiko kideak dira biak. Aranak urte asko daramatza alderdi sozialistan militatzen, eta hainbat urtez aritu zen Santurtziko Udalean zinegotzi. “Baina arlo hori erabat baztertua nuen jada”. De Miguel “nahiko aktiboa” da Gazteria Sozialistetan, eta Donostiako Udalean ari da lanean, PSE-EEren udal taldeko aholkulari gisa.
“Larraulen zinegotzi bat genuen lehendik, eta alderdiak eskatu zidan zerrendan joateko. Halakoetan, beti egon izan naiz prest alderdiari laguntzeko”, dio Aranak; zerrendako bigarrena zen. Zerrendako zazpigarrena zen De Miguel, azkena. “Hauteskundeetan beti eskatzen digute laguntza zerrendak osatzeko, eta ni prest egoten naiz beti; ez nuen jarri baldintzarik: ez non, ez zerrendako zein tokitan…”, azaldu du Berrobiko alkateak.
Aranak ezagutzen zuen Larraul. Bost urte daramatza Donostian bizitzen, eta Gipuzkoako barnealdeko herrietan ibilitakoa dela dio, egona zela aurretik Larraulen. “Gainera, kasualitatea da, baina hemen bizi den lagun bat daukat”. “Berrobitik igaro, bai, igaro izan naiz, autoz. Baina inoiz egon gabea nintzen. Berrobiko zerrendan nindoala jakin nuenean, herria ezagutzera etorri nintzen, hauteskundeen aurretik. Oso herri polita iruditu zitzaidan, eta oso txukun dago dena”, gaineratu du De Miguelek.