Zientzialariak jendaurrean jarri zituzten, azalpen labur eta argiak eman zitzaten, eta bertsolariak errima bidez lotzen hasi ziren gehienentzat oso arrotzak diren kontuak. “Umorez, ironiaz, poesiaz eta jakinduriaz zientzia gizarteratzea” da Jakinduriek mundue erreko dau saioaren helburua.
“Xabier Artaetxebarriak egin zuen proposamena”, zehaztu du Juan Ignacio Perez Iglesias biologoak eta EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren arduradunak. “Berehala ikusi genuen oso ideia ona zela, baina lehen urte hartan ez zen gauzatu Gipuzkoarako zeukaten egitasmoa”. Bilbon egin zuten lehen saioa, EHUren Bizkaia aretoan, eta, Perez Iglesiasen hitzetan, “oso arrakastatsua” izan zen esperimentu hura.
Zientzia eta bertsoa uztartzen dituen ekitaldi horrek iaz eman zuen Gipuzkoarako pausoa, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) elkarlanean. Zarautzen, Bergaran eta Ordizian egin zituzten iazko hiru saioak, eta Beasainen egin zuten aurtengo lehenengoa, ostiralean, Igartza jauregian. Miren Karmele Gomez, Josu Lopez-Gazpio eta Onintze Salazar izan ziren hizlariak, eta Sustrai Colina eta Onintza Enbeita bertsolariak. Ordu eta erdi inguruko saioa izan zen, eta Kike Amonarriz aritu zen gidari.
Maiatzean beste bi saio ere egingo dituzte Gipuzkoan: Zarauzko Modelo aretoan lehenengoa, maiatzaren 14an, 19:00etan —Gorka Azkune, Miren Karmele Gomez eta Oscar Gonzalez izango dira hizlariak, eta Igor Elortza eta Alaia Martin bertsolariak—, eta maiatzaren 22an hirugarrena eta azkena, 19:00etan, Topic aretoan —Onintze Salazar, Juan Ignacio Perez Iglesias eta Gorka Azkune izango dira hizlariak, eta Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus bertsolariak—.
Jarraitu irakurtzen, Gipuzkoako Hitzan.