Ezabatu gabeko orbanak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2018ko ira. 28a, 11:13
Villabonako Aritza kultur elkarteak frankismoko ikurrak katalogatu eta identifikatzeko lana egin du. ATARIA

2007. urtean, frankismoa goratzen zuten ikurrak erretiratzeko agindua jaso zuen Espainiako Memoria Historikoaren Legeak; 2012an, kalean zeuden arrastoen katalogoa kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak. Urteotan hainbat urrats egin dira, baina oraindik ez da lortu ikur guztiak ezabatzerik.

Francoren gorpua Erorien Haranetik ateratzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Datarik ez dute jarri, baina Pedro Sanchezen gobernuak aitortu du erabaki hori “berandu” datorrela, besteak beste Espainiako Memoria Historikoaren Legea 2007ko abenduan onartu zelako, eta bertan jasotzen zelako frankismoa goratzen duten ikurrak erretiratu behar direla. Legeak dioenez, “altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta diktadura garaiko errepresioaren gorazarrea egiten duen edozein aipamen, armarri, domina, plaka edo objektu” erretiratu behar da eraikin eta espazio publikoetatik. “Arrazoi artistiko, arkitektoniko edo erlijioso-artistikoengatik” legez babestutako ikurrak salbuespenak dira; argitzeko dago zer gertatuko den Erorien Haranarekin.

Legea onartu zenetik 11 urte pasatu dira, baina Gipuzkoan arrastoak gelditzen dira oraindik. Eusko Jaurlaritzak 2011n ekin zion frankismoaren kaleko arrastoak zenbatzeari; hiriak eta eskualdeetako herri garrantzitsuenak aztertu, eta 2012an kaleratu zuten horri buruzko katalogoa. Urte berean, Ikur Frankistak Kentzeko Batzordea eratu eta gomendio sorta bat kaleratu zuten.

Katalogoan, hiru ataletan banatu zituzten frankismoaren ikurrak: sinbolo bereziak, kale izenak eta etxeetako ikurrak. Hainbat herritan berehala hartu zituzten ikurrak kentzeko neurriak; beste zenbaitetan, motelago ibili dira, eta batzuetan, oraindik, arrasto dezente gelditzen da. Jaurlaritzak ez du eguneratu katalogoa, baina apurka-apurka paisaia aldatzeko urratsak egin dira han eta hemen.

Sinbolo bereziak

Oroitzapen-gurutzeak, eskulturak edota fusilamenduak egin zituzten murruak jaso zituen katalogoak atal honetan. Martirien eta erorien aldeko kultuarekin lotuta daude sinbolo horietako asko. Halako askorik ez dago Gipuzkoan.

Oiartzungo hilerrian dago garrantzitsuena; hori da esanguratsuenetako bat Gipuzkoan zein erkidego osoan. 1936ko gerran egin zuten monumentua, frankisten alderdian hildako oiartzuarrak oroitzeko. Marmol pieza handiekin eginiko hiru pareta ditu, goian gurutze bat dago, burdinazko hesi batek inguratua. Egitura hori hilerrian dago oraindik, baita gerran hildako oiartzuarren zerrenda ere. Gurutzearen oinean zegoen hileta koroa eta ondoan idatzitako testua, ordea, ezabatu egin zituzten.

Jose Antonio Primo de Riveraren izena ageri zen zizelkatua, eta azpian Oyarzun a sus heroicos hijoszegoen idatzita (Oiartzunek bere seme heroikoei). 1936ko gerra hasi zeneko eta amaitu zeneko datak daude bi aldamenetan. Oiartzungo Udalak 2013ko urriko udalbatzan aho batez erabaki zuen hileta koroa eta testua ezabatzea, eta urte bereko azaroan kendu zituzten.

Mendi gailurretako gurutze batzuk ere frankismoaren ikur dira. Buruntza mendiko (Andoain) gurutzea, adibidez, 1939ko irailean inauguratu zuten,eta plaka bat zeraman “fedearen eta aberriaren gurutzatuei” eskainia; 2012rako, plakarik ez zuen jada. Halakoetan, gutxienez idatzia kentzea aholkatu zuen Ikur Frankistak Kentzeko Batzordeak, baina ez zuen aipamenik egiten gurutzea kentzeari buruz. Belkoain mendian (Aduna) ere badago gerraostean eraikitako gurutze bat, baita Eibarko Akondia eta Elgoibarko Morkaiko mendietan ere; horietan ere ez dago plakarik.

Tolosako Nafarroa etorbideko plaka ere aipatzen zuen katalogoak. Burdin forjatuan egindako bi plaka ikusgarri zeuden kalearen bi muturretan. Bakarra gelditzen zen 2012an, eta 2015eko maiatzean erretiratu zuen Tolosako Udalak. Horrekin batera, 1936an errepublikaren aldekoek fusilaturiko tolosarren omenezko panteoian zegoen idatzia ere erretiratu zuten: “Gloria a los mártires de la religión y de España” (Aintza erlijioaren eta Espainiaren martiriei). Oiartzunen bezala, Tolosako Udalak hilen izenak uztea hobetsi zuen. Garai hartan beste ikur bat ere erretiratu zuten Tolosan. Harriz eta zementuz eginiko plaka handi bat zegoen Berazubi auzoan, frankismoan eraikitako etxe multzo batean: Grupo Capitán Zabala zegoen idatzita, eta falangearen ikurra ondoan. Guernica koadroaren zati batekin bete zuten plakak utzitako hutsunea.

Kale izenak

Tolosakoaren moduko bi plaka handi zeuden Elgoibarren; Pedro Muguruza eta Iñigez Karkizano etxe multzoetan zeuden Espainiako Sindikatuen Ordezkaritzaren plakak, antzeko sinboloekin. Pedro Muguruzakoa kenduta dago, etxea berritzeko lanak egin zituztenean bizilagunek hala erabaki baitzuten; bestea, berriz, bertan dago oraindik. Francoren arkitekto kuttuna zen Pedro Muguruza elgoibartarra; haren gobernuko Arkitektura zuzendari nagusia izan zen gerraostean, baita Falangeko burua eta Espainiako Gorteetako prokuradorea ere. Elgoibarko Udalak garai batean esan zuen presarik ez zela haren izena daraman kaleari izena aldatzeko, eta oraindik izen hori darama kaleak.

Kaleen izendegiaren alorrean, aholku batzordeak hainbat ataletan sailkatu zituen izenak; horietako bat osatzen dute frankismo garaian jarritako baina jatorri karlista duten kale izenek: adibidez, Nafarroa, Oriamendi eta Zumalakarregi. Bi aukera utzi zituen batzordeak: kale izena aldatzea edo edozein erreferentzia ideologiko ofizialki ezabatzea. Beste izen batzuen kasuan (Espainiako eskuineko intelektualak, militar eta agintari frankistak, gerrako martiriak eta oroitzapen tokiak…) argiagoa zen aholkua: ezabatu egin behar dira kale izen horiek.

Jarraitu hemen irakurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!