Teresa Olabarria: «Aztertutako umeen %10-15ek dituzte ikusmen arazoak»

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2018ko eka. 8a, 09:37

Optometrista da Teresa Olabarria (Madril, 1967), eta Tolosan du kontsulta. Ikusmenaren terapia egiten dute bertan, eta umeekin aritzen dira lanean batik bat.

Olabarriak dio ikusmen arazoetan dagoela ikasteko zailtasun askoren jatorria; haiek tratatzen dituzten arazoak, ordea, ez dira betaurrekoak jarrita konpontzen. Ikusmen abilezia entrenatzea da haien lanaren ardatza.

Zer da optometria?
Ikusmenaren zaintzaz arduratzen da optometria; sistema osoaren zaintzari erreparatzen dion zientzia da. Izan ere, gauza bat da bista edo ikusmen zorroztasuna, eta beste bat ikusmena eta ikusmen abileziak. Ikusmen abilezia horien neurketa egiten du optometristak, eta, ikusmenaren terapiaren bidez, abilezia horiek garatzeko entrenamendua egiten dugu.

Optometrista konportamentala zarela jartzen du zure kontsultako atean.
Optometriaren espezializazio bat da, eta ikusmenaren abileziak beste parametro batzuekin uztartuta neurtzen eta lantzen ditu; besteak beste, motrizitatearekin. Halaber, kontuan hartzen dira bai aldagai pertsonalak (garapena, adina, alderdi kognitiboa...), eta bai inguruneari dagozkion aldagaiak (maila akademikoa, ergonomia, behar sozialak...). Kontsultan artatzen ditugun arazo batzuek zerikusi handiagoa dute ikusmenarekin (fokuratzea, konbergentzia...) eta beste batzuek ikusten denaren interpretazioarekin: gauza bat baita ikustea, eta beste bat, ikusten dena ulertzea.

Batez ere umeekin aritzen zarete lanean. Zeintzuk dira ikusten dituzuen arazo nagusiak?
Irakurtzeko arazoekin etortzen dira ume gehienak: ez du ulertzen irakurritakoa, asko kostatzen zaio irakurtzea, nekatu egiten da... Ondorioz, ezin du jarraitu ikasketen martxa; ikasteko arazo bihurtzen dira irakurketa arazoak. Begien mugimendua da asko lantzen dugun arloetako bat; begiak behar bezala mugitzen erakusten diegu, testu bat irakurtzeko gai izan daitezen gero; begiekin jarraitzen erakusten diegu, lerro batetik besterako saltoa egiteko mugimendu sakadikoak lantzen ditugu...

Zeri erreparatu beharko liokete gurasoek umea optometrista batengana eramateko?
5-6 urterekin irakurtzen hastea da normalena, baina ume batzuek uko egiten diote irakurtzeari; estresa sortzen die, larritasuna eragiten die eta ez da aurrerapenik ikusten. Prozesua normala bada, umeak pixkanaka automatizatzen du irakurketa, zailtasunik gabe irakurri arte. Bada, automatizatzen ez denean, hizkiak ezagutu arren erritmo bat hartzea lortzen ez denean, irakurritakoa ulertzen ez denean... ikusmen arloko arazoak izan daitezke, eta komeni da begiratzea.

Zer egiten duzue ume horrek irakurketa automatiza dezan?
Beste modu batera irakurtzen erakusten diegu. Umeak zailtasunak izaten jarraituko du egunero irakurtzera behartu arren, eta oso-oso mantso egingo du aurrera. Beraz, ikusmen abilezia horiek lantzen ditugu irakurtzeko gai izan daitezen. Hemen, umeek ez dute irakurtzen, baina berehala ematen dituzte aurrerapausoak.

Irakurtzerakoan bezala, idazteko garaian ere antzemango zaie.
Bai; ezaugarrietako bat da akats asko egiten dituztela arbeletik kopiatzean. Oso mantso kopiatzen dute, hizkiak jaten dituzte, hizkiak eta zenbakiak alderantziz idazten dituzte... Begien mugimendua entrenatuz gaindi daiteke hori.

Irakurtzen hasi aurretik, badaude ikusmen arazo horiek egon daitezkeela dioten zantzuak?
Bai, ume askok izaten dituzte ikusmen eta motrizitate arazoak batera; lotuta joan daitezke biak, eta batera landu behar dira. Baldar samarrak dira pilota jokoetan, estropezu egiten dute, distantziak ez dituzte ondo kalkulatzen, gauza bat hartzera joan eta bi botatzen dituzte... Ikusmenaren eta motrizitatearen arteko koordinazio baxua izaten dute ume horiek, eta izugarri laguntzen die terapiak, ariketa asko egiten baitira bi sistemak batera lantzeko.

Arazo horiek konpontzen ditu terapiak?
Ume horiek dira gehien hobetzen dutenak. Ume horiek, normalki, ez dute egin nahi izaten hainbeste kostatzen zaien hori, eta, hain justu ere, hori da gakoa; hain trebeak ez diren arlo horiek beste modu batera lantzea, abileziak garatu ditzaten. Jolasen bidez, ariketa arinekin, entrenatu egiten dugu ikusmena, eta, konstantzia behar den arren, erraz konpontzen da. 

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!