Kezka, haur sahararrentzat harrera famila faltagatik

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2018ko api. 13a, 07:14

Saharako umeak hartzeko familien kopurua etengabe ari da jaisten, eta aurten arazoak dituzte iazko kopurua berdintzeko. 105 ume etorri ziren iaz Gipuzkoara, eta martxoaren amaieran hogei familia falta ziren iazkora heltzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi hegazkin betetzea da helburua.

"Guri ez zaigu ia ezer kostatzen, eta haientzat hain da garrantzitsua”. Ainhoa Gabirondoren hitzak dira. Iaz lehen aldiz hartu zuten etxean Saharako ume bat. Mouludek 10 urte zituen iaz, eta aurten berriro igaroko du uda Anoetan.

Ainhoa Gabirondoren hitzak dira. Iaz lehen aldiz hartu zuten etxean Saharako ume bat. Mouludek 10 urte zituen iaz, eta aurten berriro igaroko du uda Anoetan. “Etxeko guztiak uda heltzeko desiratzen gaude; Moulud etortzen denerako planak egiten ari gara aspalditik”. Dioenez, esperientzia edonori gomendatzeko modukoa da, zalantzarik gabe. Gabirondok sentitzen du eman baino gehiago jaso zutela Moulud etxean hartuta.

Horrelako familia gehiago behar dira, ordea, Oporrak Bakean egitasmoak aurten bere buruari jarri dion erronka betetzeko. Duela bi hilabete eta erdi jarri zuten martxan Saharako haurren harrera familiak bilatzeko kanpaina. “Martxoaren 31n amaitzen zen, berez, izena emateko epea; baina ez gara iritsi guk nahi genuen kopuruetara, eta horregatik luzatu dugu kanpaina beste hamabost egun”, azaldu du Eli Eizagirre Oporrak Bakean programako Gipuzkoako koordinatzaileak. Ez dute askoz gehiago luzatzeko aukerarik. Hogei familia berri beharko lituzkete iazko kopurura heltzeko, eta euren aurreikuspenak betetzeko, berriz, 50 inguru.

Familiak bilatzea “gero eta gehiago” kostatzen zaiela azaldu du, eta urrun daude duela hamar urteko datuak. “Pentsa: duela hamar bat urte, Espainiako Estatura 10.000 ume etortzen ziren Saharatik uda pasatzera. Orain, justu-justu iristen gara 4.000ra”. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, garai bateko kopuruak ahaztuta, bi hegazkin betetzea dute xede:300 ume gutxi gorabehera.

Harrera familien kopurua jaisteak ondorio latzak ditu Saharako umeentzat, eta hori azpimarratu nahi du Eizagirrek. “Izan ere, duela hamar urte, haurrak 7 urte ingururekin etortzen ziren uda pasatzera, eta 12 urte arte etortzen ziren, urtero-urtero. Horrek esan nahi du sei uda pasatzen zituztela basamortuko baldintza gordinetatik aldenduta”. Harrera familiak murriztearekin batera, Fronte Polisarioak lehentasunak jarri behar izan zituen egitasmoan parte hartuko zuten umeen artean. “12 urte betetzen dituzten urteko uda izaten da azkena; eta 12 urteko guztiak ateratzen saiatzen dira. Gero, harrera familia kopuruaren arabera, adin hori jaitsiz joaten da”. Iaz, adibidez, 12 urteko ume asko zeudenez, 11 urteko guztiek ezin izan zuten etorri; eta han gelditu ziren urrian, azaroan eta abenduan urteak betetzen zituztenak. “Aurten etorriko dira, baina bi uda baino ezingo dituzte egin kanpalekuetatik at”.

Aurten, helburua da 2006an eta 2007an jaiotako guztiak etortzea, eta Fronte Polisarioak “ahalegin berezia” eskatu die 2008ko guztiak etor daitezen.

Kopuruak ezin berdindu

Baina Eizagirrek zehaztu du urrun daudela iazko familia kopurua berdintzetik. 88 familia dituzte jada, eta 105 ume etorri ziren iaz. “Kontua da 12 urteko ume asko zeudela iaz, eta horiek denak programatik kanpo gelditu direnean, horiek hartzen zituzten familiak ere kanpoan gelditu direla. Normalki, familia horiek ez dute segidan errepikatzen, eta familia berri askoren beharrean utzi gaitu horrek”. Eizagirrek azaldu duenez, garai batean harrera familia izandakoen ateak jotzen ari dira. “Batzuk animatzen dira, baina kosta egiten da, eta beste batzuen kasuan erantzunaren zain gaude”.

Eizagirrek azaldu du jende askok agertzen duela interesa Saharako umeak hartzeko, baina kosta egiten zaiela pausoa ematea. “Batzuetan, familiak pentsatua du atzerrian oporrak egitea, eta, ume hauek ezin dutenez Espainiako Estatutik atera, oporrei ematen diete lehentasuna”. Gurasoak oporretan ez daudenean umeekin zer egin: horixe izaten da kezka gehienetan. “Zalantzan dagoen guztiari guri deitzeko eskatuko nioke; informazioa jasotzeko, denen artean beti topatzen baita irtenbide bat borondatea benetakoa bada”.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!