Gidariak, protestara

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Arzallus 2017ko aza. 10a, 10:40

Hautsak harrotzen jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua aldatzeko egin duen aurreproiektuak —Tolosari ere eragingo dio aldaketa horrek—; nola harrotzen, gainera. Oposizioko alderdiak —EH Bildu eta Ahal Dugu—, eragiten dien herrietako udalak, ehunka erabiltzaile, zerbitzu hori ematen duten garraio enpresetako langileak eta sindikatuak… Guztiak aurrez aurre ditu foru gobernuak, baina zerbitzua “berrantolatzeko” garaia badela eta horixe egingo dutela berretsi du Marisol Garmendia Gipuzkoako Lurralde eta Mugikortasun diputatuak aste honetan bertan.

UGT sindikatuak duela bi aste ohartarazi zuen proposamenak lan gatazka iturri izateko tankera zuela, eta halaxe gertatu da. Garayar, Areizaga eta TSST enpresetako langileek —enpresa horiek ematen dute Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua—, ELA, LAB eta UGT sindikatuen babesarekin, “murrizketen kontra” elkarretaratzera deitu dute datorren asteazkenerako. Donostian, Julio Caro Baroja plazan egingo dute protesta ekitaldia, 11:00etan hasita.

Etor dakiekeenaren beldur dira langileak. “Uste baino askoz larriagoak dira planteaturiko aldaketak zein murrizketak”, adierazi zuten joan den astean Hernaniko udaletxean egin zuten agerraldian. “Kostuen gutxitzean eta zerbitzuaren oreka ekonomikoan oinarriturik, egun eskaintzen diren hainbat zerbitzu kendu edota izugarri murriztu” nahi izatea leporatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. “Badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela zerbitzu publiko batez ari garela hizketan, eta, beraz, gizartearen interes orokorra interes ekonomikoaren gainetik jarri behar dela”. Aldundia, ordea, kontrako norabidean ari delakoan daude. Gidariek hiru datu jarri zituzten mahai gainean: lehenengoa, hazten ari dela aurreproiektuak eragiten dion eremuko biztanle kopurua —97.652 lagun bizi ziren 2016an—; bigarrena, autobus zerbitzu publikoaren erabilera handitzen ari dela eremu horretan —urtebete aurretik baino 130.864 bidaia gehiago egin ziren iaz—; eta hirugarrena, Euskal Autonomia Erkidegoan Gipuzkoa dela autoa gehien erabiltzen den lurraldea. Arrazoi horiengatik, langileek adierazi zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoa “indartu” egin beharko lukeela, “ez murriztu”.

Aldaketen ondorioak, erabiltzaileek ez ezik, langileek eurek ere jasango dituztela uste dute, gainera. “Langileok pairatuko ditugu murrizketa horiek modu bortitzenean”, adierazi zuten autobus gidariek Hernaniko agerraldian. “Zerbitzuak kentzean, gutako asko sobera egongo gara, eta litekeena da 30 langilek baino gehiagok lanpostua galtzea”. Zerbitzua hiru enpresaren artean ematen dutenez, ezinezkoa zaie zehaztea aldundiaren proposamenak eragiten dien langileen kopuru zehatza. “Baina ehun bat lagun izango ginateke, gutxi gorabehera”. Hortaz, aurreikusten dute lanpostuen herenak inguru arriskuan leudekeela. Gainera, salatu zuten aurreproiektuak jasotzen dituen neurriek gidarien “lan erritmoak handitzea eta atsedenaldiak laburtzea” eragingo luketela, eta “lan istripuen arriskua izugarri handituko” litzatekeela. “Badirudi ahaztu egiten zaiela pertsonak garela eta pertsonak garraiatzen ditugula, eta tamaina horretako murrizketek zerbitzuaren kalitateari kaltea besterik ez diotela ekarriko”.

Horiek horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak mahai gainean jarri dituen aldaketak herritarrentzat zein langileentzat “onartezinak” direla iritzita, borrokarako deia egin zieten autobusetako lankideei, eta datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioetarako babesa eskatu zieten herritarrei eta erakundeei. Buruntzaldeko eta Tolosako erabiltzaileei esku orriak banatzen ari dira egunotan, foru aldundiaren asmoen eta haien ondorioen berri emateko.

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!