Artzain amerikanoak

Erabiltzailearen aurpegia Miriam Luki 2017ko ira. 25a, 09:15

Gipuzkoatik AEBetara joandako artzainak ez ziren izan beste probintzietatik joandakoak bezainbeste. Gutxiago izanagatik ere, hamaika istorio dauzkate Gipuzkoako artzain haiek. Bizipen horiek guztiak bildu bidean dira orain.

Ameriketako Estatu Batuetara joandako zegamar kopurua zenbatzen hasi da Andres Zabaleta (Zegama, 1939). Banan-banan zerrendatu ditu hamazazpi artzainen izenak, baita bakoitzaren baserriaren izena ere. AEBetara joandako artzainetako bat da Zabaleta bera; 32 urte egin zituen artzain eta meatzari lanetan han. Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen bultzadarekin, AEBetara joandako artzainen historia dokumentatzen hasteko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zabaletak, hala ere, lehenengo puntua jarri dio ikerketa lanari: “Guk han egindako lanaren berri eman behar bada, erakuts dezatela den-dena. Han gauza txar asko pasatutakoak gara gu, eta komunikabideek alde dotorea baino ez dute erakusten. Amorruz betetzen nau horrek”.

Andres Zabaleta Patxi anaiarekin batera iritsi da Hitza-k Legazpin jarritako hitzordura. Lau artzain elkartu dira bertan. Laurek jantzi dituzte jeans galtzak, argazkietarako laurek sartu dituzte esku biak poltsikoetan besoak hazta eginda, lauretan dago cowboy itxuraren arrastoa…

Sebastian Isuskizak (Azkoitia, 1936) bederatzi urte egin zituen Kalifornian, Mojave desertuaren inguruan, Lancaster hirian. 22 urte zituela abiatu zen, 1959an. Frantziako Pirinioetan baso lanetan aritu zen artzain joan baino lehen. “Dirua irabaztera joaten ginen gu hara; pagolizarrak botatzen genituen han, eta lan gogorra zen. Orduan ez zegoen makinarik enborrak ebakitzeko, eta trontzarekin nahiz aizkorarekin aritzen ginen lanean”. AEBetara joandako bi anaien gutunak jasotzen zituzten etxean eta berak ere joateko hautua egin zuen. “Hemengoarekin alderatuta, asko irabazten zen han, baina estatubatuarrek beste lanbide askotan baino sei aldiz gutxiago irabazten genuen Euskal Herritik joandako artzainok”. Lehenengo lau urteetan artzain ibili zen. “Egun bakar bat ere ez nuen galdu ardiekin”. Azkoitira itzuli eta bost hilabetera Kalifornian zen bueltan; campero gisa aritu zen bigarren egonaldian, landa lanetan.

Elkartu diren lau artzainek ederki asko dakite campero batek zer egiten zuen AEBetan. Isuzkiza: “Egunero etxean lo egiteko aukera ematen zigun lana zen. Kamioia hartu eta artzainen beharrak hornitzen zituen campero-ak”. Egunean kilometro asko egin behar zituzten artzainen arteko distantzia betetzeko. “Euskaldunak ziren gehienak, baina, Espainiakoak ere baziren tartean, Leongoak eta Huescakoak”.

Artzain euskaldun haietako asko eta asko sekula artzain lanetan aritu gabe iritsi ziren AEBetara. Alabaina, aurretik artzain ibilitakoek ere oso bestelako lanarekin egin zuten topo. Isuzkizak azaldu duenez, 1.800 ardik osatutako artaldeekin ibili ziren AEBetan. “Izugarri handiak ziren artaldeak, eta gu halakorik ezagutu gabe geunden hemen”. Esperientzia “gogorra” izan zela onartu du. “Bakar-bakarrik ibiltzea izan zen txarrena. Bueltatzeko gogoa ere izan nuen, baina behin sei hilabete pasatuta, ohitu egin nintzen”.

Jesus Mari Sorrarain Alkizako artzaina da lauren artean gazteena. 1961ean jaioa, AEBetara Highland Livestock & Land Company enpresarekin aurrez kontratua sinatuta joan zen azken gipuzkoarra izan zela azaldu du. 1983an egin zuen bidaia. Sorrarainen moduan, aurretik hango enpresekin kontratuak sinatuta iritsi ziren artzain euskaldun gehienak AEBetara. Alkizarrak hiru urte eta erdi egin zituen Idahon. “Ni iritsi nintzenean hamasei euskaldun ari ziren lanean han, eta harrera ezin hobea egin zidaten. Gero jakin nuen poz hura guztia ez zela niregatik, kobratzeko eguna zelako baizik”.

Soldata, urtean behin

Kobratzeko eguna ez zen edozein egun, AEBetan ibilitako artzain euskaldun guztiek urtean behin jasotzen baitzuten urte osoan egindako lanaren ordaina. Lau artzainek oso presente daukate egun hori, baita gisa askotako gertakizunak tarteko lan egin ondoren kobratzera iristen ez ziren ezagunen zorigaiztoa ere.

Sorrarainek “abenturatzat” dauka AEBetan bizi izandakoa, aukeratutakoa izan zelako. “Nik bizimodu ona neukan Euskal Herrian, eta nahi nuelako joan nintzen hara”. Ez zen bakarrik joaten. “Idahon bi artzain elkarrekin ibiltzen ginen beti”. Haren hitzetan, ahaztezinak dira Idahoko egunsentiak eta arratsak, eta baita han egindako lagunak eta senide bihurtutako Salutregi sendia ere. Alkizarraren hitzetan, urri aldean ardiekin rantxo edo etxalderaino egiten zuten bidaia zen gogorrena. “Trail-a deitzen genion guk; etxerantz joaten ginen geratu gabe. Oso-oso neketsua zen”.

Edonola ere, Zabaleta anaien istorioak entzunda, bere abentura “jolas modukoa” izan zela adierazi du Sorrarainek. “Andresek bederatzi urte egin zituen Wyomingeko Rock Springs inguruan. Nik inoiz ez dut ezagutu han horrenbeste denbora igaro duenik. Jendea bi urtez egoten zen han, asko jota, eta hanka egiten zuen gero, gogorregia zelako”. Sorrarainek badaki euskal artzainen historian “alde iluna” badagoela. “Nik zorte ona izan nuen; ezer larririk ez zitzaidan gertatu. Baina historiaren zati bat baino ez da erakusten den alde polit hori”.

84 urte dituela azaldu du Patxi Zabaleta zegamarrak, baina zailtasun dezente du zenbakiak zehazteko. Eskuak zabal-zabalik jarrita, faborez zenbakirik ez galdetzeko eskatu du. Baserriko bizimodua “tristea” zela adierazi du. “Berotu egin nintzen, eta, norabait mugitu beharra zegoenez, AEBetara joatea erabaki nuen, Frantziara edo Errusiara joateko aukera aztertu ondoren”. Patxi Zabaleta soldaduska egin eta gero joan zela gaineratu du Andres anaiak. Wyoming, Colorado, Kalifornia eta beste hainbat ingurutan ibilitakoa da; artzain eta meatzari gisa lan egin zuen. Urte ugari igaro zituen han, nahiz eta ez den gai zenbat izan ziren zehazteko. Anaiak azaldu du hogei urte igaro zituela Euskal Herrira etorri gabe. “Gustura ibili nintzen han. Lana gogor samarra zen, baina hemendik gogortuta joan ginen hara”.

Jarraitu irakurtzen hemen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!