Bi aukera genituen: ostrukarena egin edo erronkari heldu”. 2015ean udal hauteskundeak irabazita, Altzoko alkate izendatu zuten Joseba Elduaien (Tolosa, 1978). Udaleko kideak berehala konturatu ziren saihetsezina zela Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia-ren gaia. Aldez edo moldez, zerbait egin behar zuten.
Izan ere, denbora tarte estuan bat egin zuten hainbat gertakarik. David Azurzak txotxongilo opera bat sortu zuen, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren babesean, eta jarraian jakin zuten Aitor Arregik eta Jon Garañok film bat grabatzeko asmoa zutela. “Konturatu ginen gure ondare kulturala zela Altzoko Handia, eta herritik harago ere interesgarria izan zitekeela”.
Aurreikus zitekeen egoerari aurre egiteko, turismo plan bat lantzen hasi zen udala, hainbat ertzi erreparatuta. Herriko taberna bakarreko jabeek erretiroa hartu zuten garai hartan. Horrek “izugarrizko gabezia” eragin zuen herritarrengan zein Altzotik kanpoko bisitariengan. Horren inguruan landu zuten proiektua: eraikina erosi, taberna ireki. Horrez gain, turistentzako informazio gune bat eta bertako produktuak saltzeko leku bat bermatu nahi zuten. Urte hasierarako prest egotea espero dute.
“Altzo ez da Zumaia”
Harri batez bi txori hiltzea da udalaren asmoa: herriko beharrak asetzea eta bisitarien atentzio gune bat izatea. Bestalde, egungo interpretazio zentroa osatzea eta ikus-entzunezko bat egitea lirateke proiektuaren hurrengo pausoak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hilabete hasieran 200.000 euroko diru laguntza baieztatu zuen proiektu horren zati bat ordaintzeko. Erabakiarekin ados ez datorrenik ere badago: “oportunista” gisa definitu zuen Ahal Dugu-k. Elduaienek ez du ika-mikarik elikatu nahi: “Guk erronkari adarretatik heltzeko erabakia hartu dugu. Norbaitek zalantzaren bat badu, gu behar diren azalpen guztiak emateko prest gaude, proiektuaren izaera zein den esplikatzeko”.
Film baten arrakastak Gipuzkoako herri baten turismoan duen eraginaz pentsatzeko garaian, halabeharrez dator burura Zumaia: turista saldoa erakarri du Ocho apellidos vascos eta Game of Thrones fenomenoak. Batzuen gusturako, jende gehiegi. Alderatu ezin diren bi kasu direla uste du alkateak: “Beldurrik gabe heldu behar diogu turismoari; argi dugu zein den hemen bisitariei eskainiko diegun eredua. Altzora datorrenak lehenik eta behin argi jakin behar du herri euskaldun batera datorrela. Hori ibilbideko paneletan ikus daiteke: euskara hutsean daude, eta beste hizkuntza batean nahi duenak QR kodeak erabil ditzake”.
Lurdes Murua (Altzo, 1958) zinegotzia ere iritzi berekoa da: “Jendea etorriko da, noski, baina ez dugu uste zalapartarik sortuko denik. Normalean, lasai egon nahi duen jendea etortzen da Altzora: familia turismoa edo eskoletakoa”.
Uda hasieran lau panelez hornituriko ibilbidea aurkeztu zuen Altzoko Udalak. Asteasuko Muskerraren Bidea gogora ekar badezake ere, desberdinak direla azaldu du Muruak. “Gurea lehen pertsonan idatzia dago, Gure Handie-k hitz egiten digu”. Pertsonaiari “goxotasuna” ematen dio horrek, gertutasuna. Koldo Izagirrek idatzitako testuen trataeran, Altzoko Handiaren figuraren “infantilizazioa” alboratzea erabaki dute. “Bere ezaugarriengatik, beti izan da deigarria umeentzat, eta hortik aldendu nahi genuen”, azaldu du Elduaienek. “Orain, batez ere pelikularen kontuarekin, erabat aldatuko da ikuspegi hori. Beste publiko baten arreta ere bereganatuko du Handiak”.