“Hori da, berez, Hernioko eguna”, zehaztu du Etxeberriak berak. Eta etzi piztuko da iraileko igandeetako lehenengo festa handia. Aurtengo irailak lau igande izaki, lau erromeria egun izango dituzte Zelatunen, Hernio mendiaren magalean.
Atzerako bideari ekin, eta Hernioko erromeriak “betidanik” egin izan direla azaldu du Etxeberriak. “1964ko datuak badaude; urte hartan jada egin zuten San Juan Txiki eguneko erromeria Hernion”. San Juan Bautista ermita dago Iturriotzen. “Eta, garai bateko idatzien arabera, abuztuaren 29an meza egiten zuten han; inguruko baserritarrak-eta Zelatunera igotzen ziren jai hartuta, kuadrillan, trikitia hartuta”. Antonio da Zelatungo bi bordetako baten nagusia. “Eta txabolen jabeek erromeria eskainita, ondoren txapela pasatzen ikusita dagoela esan izan du hark, dantzan zebiltzanek borondatea eman zezaten, ondoren trikitilariei ordaindu ahal izateko”.
Antonioren borda eta Agirretxeko borda daude egun Zelatunen. “Eta bion artean antolatzen ditugu iraileko igandeetako erromeriak. Festa giro bikaina izaten da”, gaineratu du Etxeberriak. Lehen bi igandeetan Donostiako estropadek “eragin pixka bat” izaten dutela aitortu du urrestildarrak. “Eta aurten Kilometroak jaia pixka bat aurreratu dutenez, azken igandearekin bat egingo du, irailaren 24an. Guretzat azken igande hori izaten da, normalean, indartsuena, baina aurten ez dira askorik akordatu gurekin”, egin du hausnarketa, triste antzean. “Espero dezagun oraingoan hirugarren igandea izatea indartsuena. Negua beltza izaten da hemen, elurterik gabe ere ipar haizea sartu eta zirimiria izaten dugulako gehienetan. Horregatik, urteari aurre egiteko eta arnasa pixka bat hartzeko, guretzat egun garrantzitsuak izaten dira iraileko hauek”.
Jarraitu irakurtzen hemen.