“Erlijioarekin eta nekazaritzarekin lotutako festa gehiago izaten ziren lehen”

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Calvo 2017ko api. 24a, 11:00

Herriko saltsa batean baino gehiagotan sartuta dago Malentxo Arrospide Arrate (Lizartza, 1955). Otsolar dantza taldeko kidea da egun, eta buru-belarri sartuta ibili da herriko ohiturak berreskuratzeko lanetan.

Inauterietako dantza eta abesti propioak dituzte Lizartzan, eta ez da kasualitatea; Otsolar dantza taldeak dauka errua, duela 24 urte herriko altxor hori berreskuratzeko lanean hasi baitziren.

Ez dira herri asko izango inauterietako dantza eta kanta propioak dituztenak.

Berezitasunak baditugu, bai; dantzak, inauteriak, festak… Baina gehiago ziren lehen, erlijioarekin eta nekazaritzarekin lotutako festa gehiago egiten baitziren orduan; gaur egun, gain behera doa hori. Ospakizun gutxiago daude leku guztietan. Lehen, ospatu egiten ziren Santa Madalena eguna eta Sagrarioko Amabirjinaren eguna, baina gaur egun ez dute zeresan handirik; jende gutxiagoko ospakizunak dira. Galtzen ari gara hori.

Asko aldatu al da Lizartza?

Nire haurtzaroko garaitik asko aldatu da, bai. Landa giroko Lizartza zen ordukoa, eta hori ia desagertu egin da gaur egun, jendea beste era batera bizi delako. Itxuraz ere asko aldatu da; etxe berriak egin dituzte, eta plaza ingurua aldatu egin da, beste modu bateko eraikuntzak daude, beste modu bateko bizitokiak… Baserriak mantentzen dira, baina bizimodua aldatu egin da: batzuk hutsik edo ia hutsik daude, beste batzuetan jarduerarik ez dago, bizitokiak bakarrik dira…

Bizimodua aldatu dela, alegia.

Alde batetik, bai; gazte gutxiago daude gure garaiarekin alderatuta. Egia da jendea etxe berrietara etorrita hori pixka bat suspertu dela eta haurrak badaudela. Baina beldur naiz etxe berri horien eragina pasatu egingo ote den, eta ez ote garen lehengoan eroriko berriz ere. Biztanleria ere aldatu egin da; atzerritarrak etorri dira, eta herriko batzuk kanpora joan dira. Horrek beste giro bat sortu du. Lehen baino gaztelania gehiago entzuten da. Hori nabaritzen da. Atzerritarrek euren ohiturak ekarri dituzte, eta borroka bat ere badago.

Zer eman dio horrek herriari?

Guztien arteko elkarbizitza, aniztasuna.

Ba al duzu leku kutunik?

Bat baino gehiago. Urte batzuk badira Leizaldeko kobak ezagutu nituela, eta oso leku ederra da. Kobazuloak ur salto handi bat du, eta neguan oso ikusgarria da. Otsabio eta Añi arteko parajean daude. Mendi gainak ere aipatuko nituzke; Axurdarioko gain hori, edo Goltzurko zelaia. Herriko jende askok gozatzen du horietan.

Musikari asko eman du herriak…

Kaxiano, bere anaia Manolo, Jexux Mari Esnaola… Eta ez musikariak bakarrik, sorkuntzan ere aberatsa da herria, inauterietako abesti propioak ditugulako; disko batean bildu genituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!