Korrika 20 -2017-

«Korrika herri honetan gertatu den miraririk politenetako bat da»

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2017ko mar. 24a, 09:40

Korrika, azkenekoz, 2011n amaitu zen Donostian. Kike Amonarrizek bere oroitzapenean "altxor" gisa gordea du une hura. 'Mihiluze'-ko Ilaski Serranok eta berak idatzi eta irakurri baitzuten lekuko barruko mezua.

Korrikako petoa gogotsu jantzi du Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961) argazkirako. Aurten ere jantziko du: “Saiatzen naiz toki batean baino gehiagotan egiten”. 2011ko Korrikako azken kilometroan berak eraman zuen lekukoa, Ilaski Serranorekin batera. Donostian amaitu zen azken Korrika izan zen.

Euskalakariak 2011n, eta zirkuko artistak aurten. Zuretzat, zein dira zirku honetako artistak?

Artistarik handienak Korrikaren antolatzaileak eta AEK-ko irakasleak dira. Hain ohikoa egiten zaigu bi urtez behin Korrika izatea, ez gara jabetzen zer daukagun esku artean, nolako antolaketa maila dagoen, zer lortu den gizartean… Gaur egun normala dirudi jendea zain egotea, eskola guztiek parte hartzea… ez gara ohartzen zenbat lan egin den horra iristeko. Korrika herri honetan gertatu den miraririk politenetako bat da.

2011n Ilaski Serranok eta zuk eraman zenuten azken kilometroan lekukoa. Nola oroitzen duzu une hura?

Oraindik hunkitu egiten naiz. Batetik, pertsonalki hori nolako oparia den, nolako ohorea den, nolako errekonozimendua. Emozio handiko unea da. Sentitzen zara kate baten katebegi, sentitzen zara hamarkada hauetan egindako lan guztiaren ordezkari, eta horrek sortzen duen emozioaren indarra ikaragarria da. Oroimenean altxor bat bezala gordeta daukagun unerik hunkigarrienetako bat da.

Ardura handia ere bada lekuko barruko mezua idaztea, ezta?

Bai, baina guretzat bazegoen abiapuntu bat: euskalakariak. Gu hasi ginen irudikatzen zeintzuk ziren euskalakariak, eta hori zen gure mezuan jasotakoa, euskalakari guztien errekonozimendu bat. Urte hauetan, zorionez, euskalakari mota asko sortu dira, eta gure idatzia izan zen daukagun aniztasun horren eta kolore horien guztien argazkia.

Oroitzen duzu lehen Korrika? Errepide bazterrean bazen orain adina jende? 

Oso garbi gogoratzen dut. Gauez igaro zen Tolosatik, eta Sakanaraino joan ginen; han elurra ari zuen, galdu ginen… Eta ez zen orain adina izaten, baina jende dezente biltzen zen. Nik uste dut hasieratik sumatu zitzaiola Korrikari halako indar bat. Bestetik, lehenengo Korrika horretan gizarte eta politika mailan nahiko adostasun izan zela; liskarrak geroago etorri ziren. Amaiera Bilbon izan zen, eta festa handia izan zen.

Zuretzat zer da Korrika?

Sinbolikoki indar handia du Korrikak. Eta gero baditu momentu oso indartsuak. Erriberako kilometroek, adibidez, gure komunitatearentzat sinbolikoki sekulako indarra dute. Tribuaren Berbak saioa egin genuenean, bertakoek esaten ziguten Korrika beraientzat bizi arnasa zela. Herri hau egiten ari den esfortzua ikusarazteko elementu garrantzitsua da. Korrikak iraun baldin badu, indarrez jarraitzen badu eta zabaltzen ari bada, sekulako ideia izan zelako da.

Korrikaren diru iturria gabe, AEK-k ezingo luke helduen euskalduntzearekin jarraitu. Ez al luke doakoa izan behar?

Bi hizkuntza ofizial daude, eta horiek ikasteko prozesuak doakoa behar luke, edo doakotasunetik oso gertu egon. Uste dut ari garela horretara iristen. Une honetan, non etorkinen proportzioa gero eta handiagoa den, are garrantzitsuagoa da hori. Ez da normala zuk zure herriko hizkuntza ofizial hori, zenbait lanpostutara iristeko edo integraziorako atea zabalduko dizun hori ikasteko ordaindu behar izatea. Alde horretatik, irakaskuntza arautua doakoa den bezala, honek ere hala behar du.

Zer eman dio AEK-k herri honi ?

Euskara ikasteko sare garrantzitsu bat, euskara erakusteko metodologia bat eta irakaskuntza hori praktikara eramateko modu bat, eta eman digu Euskal Herri osora iristen den dinamika aktibo bat ere. AEKren lan hori gabe, ezingo genuke ulertu azken urte hauetan izandako bilakaera. Nik uste dut jakin duela egokitzen bai testuinguru berrietara, bai eskaera berrietara, eta alde horretatik aitzindaria izan dela euskalgintza osoarentzat.

Gune ez-euskaldunetan euskal giroa sortzeko eragile ezinbesteko ere izan da, ezta?

Bai, metodologiaz ari nintzenean horretaz ari nintzen. Ez da bakarrik euskara ikastea; AEK ez da euskara ikasteko akademia bat, eta uste dut AEK-ko irakasleengan kezka hori oso bizirik dagoela: batetik, nola egin eskaintza erakargarri, nola erakarri ikasleak, eta, bestetik, behin gelan daudela, nola lortu motibazioa, euskara sentitu eta maitatzea, lortu nahi den titulutik harago. AEKn horri buruzko eztabaida sakona eta iraunkorra dela iruditzen zait.

Euskararen inguruan diskurtso baikorra ematearen garrantzia azpimarratu duzu maiz. 

Tribuaren Berbak egiten ari ginela, jende askok esaten zigun garaia zela euskararen inguruan mezu baikorrak zabaltzeko. Poza bai, baina kezka ere eragin zidan. Zergatik aipatu du hainbeste jendek baikortasun hori? Zein da jendeak jasotzen duen mezua? Diskurtso ezkorrak egiteko joera handia dugu. Ikastetxe batean %95eko erabilera dagoela? Falta den %5ari begiratzen zaio. Eta begiratu behar zaio, bai, baina %95 beti da ospatzeko modukoa. Beti ari gara baina bat bilatzen, eta egiten ari garena baloratu egin behar dugu. Bestela, ematen du egiten ari garena ohikoa dela, ez duela meriturik, eta herri honetan lortzen ari garena oso leku gutxitan ari dira lortzen. Izan ere, ia hutsetik abiatu ginen. Nire garaian, Tolosan, ez zegoen kuadrilla bakar bat ere euskaraz egiten zuenean akatsak egiten zituenik… Eta hala zen, inork ez baitzuen egiten; denek, %100, erdaraz egiten genuen. Eta hori Tolosan… Gaur egun gazte gehienak euskaraz ari dira. Ezin zara gelditu gazteleraz ari diren horiekin bakarrik… Mezu positiboak behar dira, aurrera egiteko indarra ematen dutelako, autoestimua lantzen dutelako. Partidak irabazteko ezinbestekoa da morala altu izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!