«Hau guztia ahalduntze prozesu baten barruan sartuko nuke»

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2016ko aza. 15a, 18:06

Brigada feministak antolatu zituzten Irurako San Migeletan, besteak beste.

Tolosako emakumeen taldeak izena bera ere indartsua du: TNT (Tolosako Neska Taldea). Bertako kidea da Olaia Uzkudun Askarai (Tolosa, 1996), eta neskak gauez, espazio publikoan eta festetan aske sentitzeko eskubidea aldarrikatu du, beldurrik ez sentitzeko eskubidea.

Iaz Ibarrako festetan izandako esperientzia abiapuntu hartuta, TNTk neskei festetan etxera laguntzeko brigada moreak antolatu ditu aurtengo udan, eskualdeko hainbat herritan. Jendeak oraindik ohitu egin behar duela aitortu arren, pozik dago egindako lanarekin.

Nola hasi zineten brigada moreak antolatzen?

Iazko Ibarrako jaietan antolatu zuten lehen aldiz brigada feminista, eta urtebeteko hutsunearen ondoren, aurtengo sanjoanetan, Tolosan, gauza bera egitea pentsatu genuen. Tarte horretan sortu zen TNT ere, eta ekintza interesgarria iruditu zitzaigun. Ibarrako festetan, Anoetako taldeari eskatu zioten laguntzaile lanak egiteko, eta guk, Tolosan, Aiztondo bailarako taldeari eskatu genion laguntza.

Beraz, festak toki batean badira, beste herri batekoei eskatzen zaie laguntza lan hori egitea?

Bai, hala da. Eta guk pentsatu genuen eskualde mailan txandaka egitea. Sanjoanen ondoren, uztailean, Villabonako festak iritsi ziren, eta, beraiek Tolosan aritu zirenez, guk osatu genuen brigada feminista Villabonan. Ondoren, Iruratik etorri zitzaigun eskaera. Baina Irurako festetan bi asteburu izaten direnez, txandaka aritu ginen hainbat herritako taldeak.

Gau osoan neskei etxera laguntzeko taldeak osatzen dituzue. Jendeak nola erantzun du?

Jendeak oso ondo hartu du, oro har, eta, adibidez, Irurako kasuan herriko jendea asko inplikatu zen. Jendearen harrerarekin, alde horretatik, oso pozik gaude. Beste kontu bat da zenbat jendek jo duen laguntza eske; ez nuke esango sekulako eskaera egon denik. Baina nik uste dut oso gauza berria dela, eta horrelakoetan kosta egiten da jendearengana iristea; denbora behar da horrelako zerbaitek indarra har dezan, ohitura bihur dadin. Bestalde, nik uste dut erreparo moduko bat ematen diela neska gazteei telefonoz deitu eta beste emakume batzuen laguntza eskatzeak. Gainera, neskek beti izan ditugu etxera joateko estrategiak, beti bilatu izan ditugu etxera joateko taldeak, gertu bizi den norbaitekin itzultzea… hori ez da berria. Orain, brigada feministekin, beste aukera bat eskaintzen da etxera joateko.

Estrategia aldaketa bat badago talde feministen artean. Erasoa gertatu arte itxaron eta horri erantzun beharrean, aurre hartzea da helburua…

Bai, eta hor dago Beldurra aldez aldatuko dugu filosofia ere. Baina hau guztia ahalduntze prozesu baten barruan sartuko nuke. Emakumeok kaletik aske ibiltzeko eskubidea dugu, eta, etxera itzultzeko garaian jasaten ditugun eraso horiei erantzuteko, zer hobeto emakumeon elkarlana baino; batak besteari lagundu, batak bestea babestu, eta hori argi ikusarazi. Izan ere, guk geuk, geure kabuz eta guk bakarrik, beldurra aldez aldatuko dugu.

Neskei espazio publikoarekiko beldurra txikitatik transmititzen zaien gauza bat dela dio Emakundek berriki aurkeztutako txostenak. Nola eman buelta horri?

Izugarria da beldurra noraino sartu zaigun. Zuk edozein emakumeri galdetzen badiozu inoiz etxerako bidean beldurrik pasatu duen, denek erantzungo dizute baietz. Mutil bati galdetzen badiozu, erantzuna oso bestelakoa da; haiek nahi dutenean, bakarrik edo lagunduta, gauez zein egunez, berdin-berdin joaten dira etxera, lasai. Gu, ez. Eta horri nolabait ere buelta eman behar diogu. Guk ez dugu etxera beldurtuta joan beharrik; festetan berdintasunez gozatzeko eskubidea dugu, eta emakumeok elkarri lagunduz, elkar babestuz eta espazio publikoaren jabe eginez, joango gara pixkanaka lortzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!