Lehorretik, oso lehorrera

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2016ko ira. 19a, 11:03

Aurtengo uda oso beroa izan den ustea nahiko orokorra den arren, Euskalmet meteorologia agentziaren txostenek diote ekaineko eta uztaileko batez besteko tenperaturak “normalak” izan direla. Abuztukoak, berriz, “beroak”.

Muturreko tenperaturetara egun jakin batzuetan soilik iritsi dela diote Euskalmeten txostenek: ekainean, bero handiko egun bakarra izan zen; uztailean, bi egunetan gainditu zen muturreko tenperaturen muga —35-40 gradu artekoa—; eta abuztuan, berriz, zortzi egunetan.

“Mende honetako abuzturik beroenetako bat izan da, baina urrun dago 2003an eta 2012an izandako tenperaturetatik”, dio Euskalmeten abuztuko txosten meteorologikoak. Gipuzkoan, Lasarte eta Arrasateko neurketak jasotzen dituzte Euskalmeten txostenetan. Horien arabera, Lasarten 20,5 gradukoa izan zen abuztuan batez besteko tenperatura —azken hamar urteotan altuena 2012an izan zen: 21,3 gradu; eta baxuena, 2007an: 18,2—. Arrasaten, berriz, 20 gradu izan da abuztuko batez bestekoa —21 gradu izan zen 2012an, eta hotzena, 18,1 gradukoa, 2014an—.

Euri gutxi

Prezipitazioei dagokienez, azken hamar urteko batez bestekoaren azpitik egin du euria hiru hilabeteotan. Euskalmetek dioenez, ekaina eta uztaila hilabete “lehorrak” izan ziren, eta abuztua, “oso lehorra”. Hilabete osoan pilatutako euriaren azken hamar urteetako batez bestekoa, Lasarten, 89,95 mm da, eta aurtengo abuztuan, berriz, 41,9 mm baino ez dira jaso; Arrasaten, batez bestekoa 41,79 mm da, eta joan den hilean 14,6 mm bakarrik jaso ziren.

Batean zein bestean 2007a izan zen urterik euritsuena, eta kopuruetan alde izugarria dago: 290,6 mm bota zituen Lasarten urte hartan, eta 169 mm Arrasaten. Hala ere, aurtengoa ez da izan azken hamar urteetako abuzturik lehorrena; izan ere, 2012. urtean 36,9 mm bildu ziren Lasarten, eta, 2014an, Arrasaten, 13,9 mm bakarrik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!