Maria Egunez: “Sanjoanak aukeratuko nituzke norbaiti herria erakusteko"

Erabiltzailearen aurpegia Gipuzkoako Hitza 2016ko urt. 15a, 09:32

Eskuan ez bada, gertu izaten ditu guraizeak egunerokoan Maria Egunezek. Zorroak irekitzeko ez bada, ilea mozteko. 2014. urte bukaeran herriko ostatuaren ardura hartu zuen, Jonathan Valdiviesorekin batera. 

Iazko irailetik, gainera, ile apaintzaile zerbitzua ematen du herrian, kultur etxean egokitu duten gela batean. Bi zereginetan aritzeak ondo antolatu beharra dakarkio, baina, era berean, zerbitzu bikoitza emanda bikoitza da herritarrekin duen hartu-emana.

Amezketan jaioa, eta Abaltzisketan bizitzen. Dagoeneko abaltzisketar bihurtua?

Aita abaltzisketarra izanda, harremana izan dut herriarekin, eta orain ia abaltzisketartzat daukat neure burua. Hiru-lau urte daramatzat herrian.

Ostatuko lana duzu batetik, eta ile apaindegikoa bestetik. Atsedenerako tarte handirik ez duzu izango.

Mugimendua egoten da normalean, bai, baina egunak daude. Ostatua eta ile apaindegia antzekoak dira horretan; egun batzuetan jende asko dabil, eta beste batzuetan, apenas.

Zer moduz abaltzisketarrei ilea mozten?

Gustura, harrera ona izaten ari da zerbitzua. Gehienbat herriko jendearentzat ireki zen, eta ibiltzen da jendea. Nik hori ikasi nuen, eta horretan aritzeko aukera izaten ari naiz. Gustatzen zaidan zerbait da.

Demagun norbaitek ez duela Abaltzisketa ezagutzen. Zein garaitan gomendatuko zenioke herrira etortzea?

Giroa egoten da normalean herrian, baina nik sanjoanak aukeratuko nituzke norbaiti herria erakusteko. Uste dut jendea gehien mugitzen den festetako batzuk direla, eta giro oso polita egoten da.

Herriko txoko bat aukeratzekotan, nora eramango zenuke bisitaria?

Bakarra aukeratzekotan, Txutxurrumendi hautatuko nuke. Sekulako ikuspegia dauka; herriko ikuspegi hoberena dela esango nuke.

Zer gustatuko litzaizuke Abaltzisketan edukitzea, egun ez dagoena?

Ba... ez dut ezeren falta sumatzen. Nahiz eta herri txikia izan, badauka zerbitzu nahikoa; denda ere izango dugu hemendik gutxira. Beraz, gustura nago dagoenarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!