Oharra: Eduki originala Gipuzkoa.hitza.eus atarian argitaratu da
Auto ilara sortu da herrira iritsi aurretik. Errepidea txukuntzen dabiltza Larraitzetik Abaltzisketa erdigunera doan bidean, eta behin-behineko semaforoa berde jarri orduko bukatu da itxaronaldi laburra. Astelehen arratsaldea da, eta haurrak dagoeneko eskolatik kanpo dabiltza. Ostatuko terrazan, lauzpabost lagun tragoa hartzen. Laster, edanak eta janak beste nonbait ere izango dituzte eskura: denda irekitzear dira herrian. Uneotan, obretan dago lokala; handia eta argia da espazioa. Otsailean zabaltzea espero dute.
Ilusioz ekingo dio proiektuari Argitxu Zabalak; bera arduratuko da denda kudeatzeaz: “330 biztanle inguruko herri batean denda bat irekitzea apustua da; ni ilusioz nago, eta udalaren babesa eduki dut. Probatu gabe ez dago jakiterik; beraz, aurrera”. Ez zekien zer, baina zerbait egin nahi zuela bai: “Zergatik ez zerbitzu bat eman herriari, lehendik ez dagoena?”. Astelehenetik larunbatera irekiko du denda printzipioz, baina herritarren eta udalaren arabera ikusiko du, arian-arian. Denetik salduko du: inguruko baserritar eta artzainen produktuak, ogia, esnekiak, urdaiazpikoa… Kafetegia ere izango du. Bi gauzetan aritu beharrak, ordea, ez du Zabala kezkatzen: “Ez zait iruditzen ilara handirik egingo denik, baina, pazientzia pixka batekin, egingo dugu!”.
Dendarekin, “bizi kalitatean pauso bat emango du herriak”, Jon Zubizarreta alkatearen ustetan. Orain, herritar asko Amezketara joaten dira erostera, edo Ordiziara, Beasainera, Tolosara… Alkateak argi du eskaintza aldetik ezin direla inguruko herri handiagoen mailara heldu, beti joan beharko dutela haietara zerbaiten bila. Dena den, garrantzitsutzat du herrian jarduera ekonomikoa bultzatzea: “Askotan esaten dugu hemen jaio garela, hemen bizi garela eta lan egin nahi dugula, baina hori demostratu egin behar da. Guk jarduera ekonomiko bat martxan jarri dugu, lanpostu bat sortu…”.
Ile-apaindegi zerbitzua martxan jarri ondoren iritsiko da denda. Bi proiektuak aurreko legealdian martxan jarritako egitasmo batetik datoz. Orduan, udalak laguntza teknikoa eskatu zion Hazi erakundeari, bideragarriak izan zitezkeen zerbitzuez herria hornitzeko. Ekintzaileentzako jardunaldiak antolatu zituen erakundeak, eta, besteak beste, denda batek Abaltzisketan funtzionatuko ote lukeen jakin nahi izan zuen udalak. “Gu ez gindoazen ezer muntatzera hori kudeatuko duen inor izan gabe. Garbi dugu, gainera, ezin duela pertsona batek beste herri batetik etorri, egunero, denda bat irekitzera. Momentu jakin batean, Argitxuk esan zigun berak kudeatuko lukeela, eta orduan hasi ginen elkarlanean”. Ile apaindegiarekin egingo duten bezala, dendarekin ere proba egingo dute lehenengo, eta gero adjudikatu.
Txikia izan arren, herri “oso dinamikoa” da Abaltzisketa. “Ez da lotarako herri bat bakarrik”, Zubizarretak dioenez: “Aspertzeko betarik ez dago. Jendea gelditu egiten da larunbat eta igandeetan, soziedadean, tabernetan; eskolako umeentzako ekintzak daude, gurasoen elkartea eta gazteak ere asko mugitzen dira…Herri giroa badago”. Bat dator Zabala, eta, dioenez, txikitatik ikusi eta ikasitakoak zerikusi handia du horretan: “Herrian bizia jartzeko, zerori saiatu behar zara”.
Garai batean, herriak 250 biztanle inguru zituenean, udalak etxebizitza politika bat jarri zuen martxan. Erdigunean etxe mordoxka bat egin zituzten, eta ordutik joera goranzkoa izan zela dio alkateak. “Horrek ekarri zuen eskola, gurasoen mugimendua. Gero, haurrak haziz joan dira, eta lokal batzuk egokitu dira haientzat; zerbitzu etxea daukagu, kultur etxea, gimnasioa, liburutegia…”.
Eskolan, Tonucci programa
Herrian 30 bat haur daude, eta 12 urtera arteko eskola dute. Joan den ikasturtetik, proiektu pilotu batean sartuta daude, Zizurkilgo eskola txikiarekin batera: Tonucci proiektu pedagogikoa. Zabalak, gurasoa izaki, onartu du kezka izan zutela egitasmoa martxan jartzerakoan, baina oso gustura daude orain, bai gurasoak eta bai haurrak: “Normalean, liburuetatik ikasi ohi da; eskola batzuk daude; ordu jakin batzuk egin; ikasleak eserita daude… Gurean ez dute koadernorik, ez etxeko lanik… Tailerrak dira. Ikasgaiak eduki gabe, denak lantzen dituzte, baina tailerren bitartez. Baratzean, adibidez, matematika lantzen dute; konturatu gabe, ikasi egiten dute”. Eskolan dauzkaten azpiegiturekin ere gustura daude.
Garraioari dagokionez, Abaltzisketa ondo hornitutako herria dela uste du Zubizarretak. Aurreko legealdian hainbat aldaketa egon ziren, eta, egun, eskatzen badute bakarrik joaten zaie autobusa. “Lehen etorri egiten zen, baina gehienok autoa daukagu, eta hutsik ibiltzeko…”. Orain, norbaitek behar badu, gutxienez ordubete lehenago deitu behar du; bestela, Amezketan gelditzen da autobusa. Zazpi autobus dituzte egun guztian.
Azkenaldian, lapurretek eragin diote kezka udalari. Auto dezentetan lapurtu dute, Larraitz inguruan gehienbat: “Txindoki hor dago, eta, neurri handi batean, jende asko etortzen da horregatik. Autoa han utzi, eta jendeak badaki 3-4-5 ordurako han aparkatuta egongo dela”. Konponbide “zaila” ikusten dio Zubizarretak arazoari; oraingoz, kartel batzuk jarri dituzte abisu modura, inork baliozko ezer autoan ez uzteko.
Larraitz dela-eta, gorabeherak ere izan dituzte erakundeekin. “Larraitz guk daukagu, baina guri ez digu diru sarrerarik ematen. Herri txiki bat gara, eta ez daukagu diru sailik Larraizko turismoa sustatzeko”. Dioenez, udalari “gastua bakarrik” ekartzen dio; txukunketak direla, belarra moztu beharra, bidegorria garbitzea… “Erakundeek askotan esan izan digute Larraitzengatik gehiago egin beharko genukeela, baina ez daukagu horretarako baliabiderik”.