Berriz ere «tradizioa», emakumeak festatik aldentzeko. Ez al dago hau geldituko duenik?

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Biurrun Mancisidor 2026ko apirilaren 18a

Irungo alarde parekideko 2024ko irudi bat. BERRIA

Azken asteotan jakin dugu Sagunton —eta beste herri batzuetan ere antzeko zerbait gertatu da— kofradia batek beste behin ere ukatu egin duela emakumeek Aste Santuko prozesioan parte hartzea. Jakina, orain ere «tradizioa» argudiatuz.

Berdintasuneranzko bidaia motelegi izaten ari da, urtero Irunen, Hondarribian eta beste herri eta jai-ekitaldi batzuetan gertatzen diren antzeko zein are larriago diren gertaerengatik. 

Badakigu aspaldidanik emakume eta gizon askok berdintasunez parte hartu nahi izan dutela alarde horietan, eta hori oraindik ere ez dela posible izan modu normalizatuan. Eta, ulertzen erraza ez bada ere, emakume horiek eta haiei lagundu zieten beste pertsona batzuk izugarrizko sufrimenduaren mende egon ziren, sufrimendu horrek beren bizitzetan gogor eragin duelarik. 

Ezin da ahaztu judizialki onartu dela, ulertzen zailak diren erabakietan, ekitaldi edo alarde «pribatuak» egitea, diskriminaziorik sortzen ez zutela ulertuta. Baina, batez ere, ezin da ahaztu gainerako botere publikoen zeregin tamalgarria, haiei baitagokie, Konstituzioak hala aginduta, benetako berdintasun eraginkorra sustatzea eta hori zailtzen duten oztopoak kentzea. 

Errealitatea da gaur egun ere, batzuek dioten bezala, «jaia ulertzeko bi modu» daudela, hau da, berdintasunezko modua eta modu «tradizional» edo diskriminatzailea. Nire ustez, Euskadiko Berdintasunerako Legea bera urratzen du egoera honek. 

«Bi modu daude jaia ulertzeko: berdintasunezkoa eta diskriminatzailea»

Eta zer egin dute botere publikoek urte hauetan? Gauza gutxi, egia esan. Ezin da ukatu Emakunderen eta Arartekoaren inplikazio positiboa, baina ez da egon Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren esku-hartze argi eta irmorik. 

Eta udalek luzaroegi uko egin diote edozein aurrerapenei. Orain ere, «jaia ulertzeko moduen» dualtasun horri eusten zaio. Zorionez, pausoz pauso, zerbait mugitzen da. 

Azken urratsa joan den martxoaren 26an eman zen. Egun horretan, Hondarribiko Udalak bere II. Berdintasun Plana onartu zuen. Bertan, Alardea bi ildotan lantzen da: gatazkaren konponbidean aurrera egitea —zer gutxiago!— eta, nire ustez, oso interesgarria dena, «berdintasunezko alarde baten alde emakumeen eskubideen defentsan jasandako indarkeria aitortzeko formulak aztertzea». Nabarmentzekoa da plan horrek EAJren eta PSE-EEren aurkako botoa jaso zuela. 

Horrez gain, Sagunton eta beste herri batzuetan Aste Santuko prozesioen inguruan gertatutakoari dagokionez, Berdintasun ministroak iragarri du, besteak beste, gaia Fiskaltzara eramango duela. Erabaki zentzuzkoa eta beharrezkoa da, baina zoritxarrez, ez da inoiz iragarri edo iradoki antzeko beste gatazka diskriminatzaile batzuetarako, hala nola Irun eta Hondarribikoetarako.

Benetako berdintasun eraginkorrerako bide onean gaude. Egia esan, ezin dira ukatu oso garrantzitsuak diren egindako aurrerapenak. Baina egunero ikusten ditugun zailtasun eta errealitate guztiak ere ezin dira ukatu. Errealitate horrek emakumeen aurkako indarkeria-maila oso altua erakusten du gaur egun ere, bai eta lan-desberdintasuna, soldata-arrakala, etxeko ardurak eta zaintza-lanak bere gain hartzean dauden desberdintasunak, azken batean, emakumeen eta gizonen bizi-baldintza eta aukera desberdinak ere. 

Erabateko berdintasuna da helburua, eta, jakina, gure festa-ospakizunetan berdintasun osoz parte hartzea ere. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!