Gai horietako batzuetan ezer gutxi egin dezakegu. Hala ere, are larriagoak diren beste kasu batzuetan zeregin handia izan dezakegu —eta izan behar dugu—, bakarka eta taldean.
Trumpen neurri batzuk harrigarriak badira ere, beste batzuk, zuzenean, mehatxu bat dira munduko ehunka milioi pertsonarentzat. Bi erabaki serio eta ondorio arriskutsuenez ari naiz: Ameriketako Estatu Batuek —AEB— Osasun Munduko Erakundetik —OME— ateratzea eta Nazioarteko Garapenerako Agentzia —USAID— ixtea.
Erabaki horiek, noski, oihartzuna izan badute ere, ez dute neurri ekonomikoek merezi izan dutenaren antzeko oihartzun informatiborik.
Neurri horiek oso joera kezkagarria erakusten dute, garapenerako lankidetzan eta, bereziki, osasunean egiten den nazioarteko inbertsioaren murrizketa adierazten baitute. Izan ere, ez da Trump bakarrik, beste estatu batzuek ere —Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak kasu— aurrekontuak murriztu baitituzte kanpoko laguntzarako.
Neurri horiek ondorio kaltegarriak izango dituzte planeta osoan, baina, bereziki, garapen-bidean dauden herrialdeetan. Herrialde horietan, milioika pertsona muturreko kalteberatasun eta diskriminazio egoeran bizi dira, eta egunero zapaltzen dira haien giza eskubide oinarrizkoenak —bizitza, osasuna, elikadura…—.
USAIDeko goi-funtzionarioek eta erakunde askok adierazi dute sortuko den hondamendi humanitarioa eta kalkulatu dute 14 milioi heriotza ere izan daitezkeela, dagoeneko gertatzen direnei gehitu beharrekoak; heriotza horietatik 4,5 milioi bost urtetik beherakoak izango dira, hainbat gaixotasunen ondorioz, eta, gainera, urtean milioi bat haurrek baino gehiagok desnutrizio larri bat jasango dute.
Beraz, kezkatzeko arrazoi asko daude. 2030 gertu dago eta aipatzen ditudan erabakiek, gainerako herrialdeen bultzada faltarekin batera, asko zailduko dute herrialde askotan Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) lortzea. Eta egia esan, ez badira guztientzat lortzen, ez dira inorentzat lortzen.
Zorionez, dena ez dago Trumpen esku. Gureetan ere badago. Baina sinetsi egin behar dugu.
Zorionez, dena ez dago Trumpen esku. Gureetan ere badago. Baina sinetsi egin behar dugu.
Zuetako askok gogoratuko dituzue, zalantzarik gabe, duela 30 bat urte BPGaren % 0,7 garapenerako lankidetzara bideratu behar zela aldarrikatuz hasi ziren kanpainak. Nik beti pentsatu izan dut ikusiko nuela. Gero zalantza handiak izan ditut, ezagutzen ditugun datuen arabera. Baina ez dugu horregatik amore eman behar.
Espainian, legeak errenta nazional gordinaren % 0,7 garapenerako laguntzara bideratzea aurreikusten duen arren, 2024an % 0,25era baino ez zen iritsi. Euskal Autonomia Erkidegoan legeak % 0,7a bermatzen du eta 2022an % 0,38a bideratu zen.
Herrialde askok eta milioika pertsonak behar dute laguntza hori, ezinbestean. Gainera, laguntza egonkorra izan behar du, beren osasun, elikadura, higiene eta saneamendu programei aurre egin ahal izateko. Euren bizitzak eta ongizatea, azken finean, euren giza eskubide oinarrizkoenak horren menpe daude.
Badaude horretarako ekimen publikoak. Horien artean nabarmentzekoa da, duen garrantziagatik eta berehalakotasunagatik, aste honetan bertan, Sevillan egin dena, ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean Nazio Batuek antolatuta, Garapenerako Finantzaketari buruzko 4. Nazioarteko Biltzarra. Munduko liderren topaketa garrantzitsua izan da, 2030 Agendaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren baliabide publiko eta pribatuak mobilizatzeko helburuarekin. Azken batean, garapenerako nazioarteko lankidetza suspertzeko neurriak.
Eta, gainera, pertsona orok dugu garapen eta osasun globalari laguntzeko ardura. Helburu horiek ere gure esku daude, eta ez bakarrik Trumpen eskuetan.