Aurten Nazio Batuek aukeratutako leloa hauxe izan da: «Emakume eta neska GUZTIENTZAT: Eskubideak. Berdintasuna. Ahalduntzea». Eskubide berdintasuna, boterea eta aukera berdintasuna zabaltzea aldarrikatzen duen leloa, inor atzean geratuko ez den etorkizunean, hurrengo belaunaldiaren ahalduntzea erraztuz. Planeta osoko emakume guztientzat. Lortu nahi da orain helduak diren belaunaldiek itxi dezatela dagoen arrakala, eta hurrengo belaunalditik aurrera genero-berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzea.
«Lortu nahi da orain helduak diren belaunaldiek itxi dezatela dagoen arrakala»
Ez dakit ikusiko dugun, baina, zalantzarik gabe, bide onean gaude. Hala ere, ezin dira ukatu egunero ikusten ditugun zailtasun guztiak eta errealitatea. Errealitate horrek, gaur egun ere, emakumeen aurkako indarkeria-maila oso altuak erakusten ditu, baita lan-desberdintasuna, soldata-arrakala eta, azken batean, emakumeen eta gizonen arteko bizi-aukerak eta baldintza oso desberdinak ere.
Bide onean gaude, bai, baina oraindik bidean. Nahikoa da gogoratzea azken 30 urteotan mundu osoan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla, bereziki arlo juridikoan. Izan ere, dagoeneko 112 herrialdek dituzte emakumeen gaineko Plan Nazionalak, eta ia herrialde guztiek —193k— dituzte emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako legegintza-neurriak eta zehapen juridikoak.
Herrialde askotan, nesken hezkuntzan parekotasuna lortu da, amen heriotza-tasa heren bat murriztu da eta lege diskriminatzaile asko indargabetu dira. Aurrerapen horietako batzuek eragin txikia dute gugan, mendebaldean, mundu aberatsean, baina, zalantzarik gabe, nabarmentzekoak ere badira.
Hala ere, harri gehiegi dago bidean, datu kezkagarriak. Hala adierazten du Nazio Batuen Emakumeak erakundeak martxoaren 8an argitaratutako txostenak. Txosten berezi horren arabera, 2024an mundu osoko gobernuen ia laurdenak jakinarazi zuen emakumeen eskubideetan atzera egin zela.
Eta, era berean, erronka oso garrantzitsuak daude datozen 30 urteetarako, txosten horren arabera, hemen ere bai: eraginkortasunez eta benetan bermatzea emakumeek eta neskek teknologiarako sarbidea dutela, eta eremu digitalean lidergoak hartzeko prestatzea; bereziki emakumeak astintzen dituen pobrezia erauzteko hezkuntza eta lan-aukeren berdintasuna; emakumeen aurkako indarkeriari amaiera ematea; laguntza humanitarioa ematea, genero-ikuspegiarekin, gerra-gatazketan…
Helburu horietako asko irismen handikoak dira eta, puntu askotan, ez da erraza gure eguneroko bizitzan ekarpen zehatzak egin ahal izatea. Baina beste helburu batzuk gure eskura daude, egunero, baita gure inguruan ere.
Helburu horietako batek, aukera berdintasunarekin zerikusia duenak, birplanteatzea eskatzen du —bai, badakit behin eta berriro esaten dugula— gure arretaren eta dedikazioaren mende dauden pertsonen zainketen erantzukizuna. Izan ere, zaintza emakumeen esku dago bereziki —emakumeen % 37k hartzen du ardura hori gehienbat, eta gizonen % 5,6k—, bai adingabeak, bai adinekoak zaintzeko eta etxeko lanak egiteko.
Horrek ondorio negatibo argiak ditu emakumeentzat maila guztietan: lan baldintza berdinak izateko aukera gutxiago, aisialdiaz eta denbora libreaz eta harreman sozialez gutxiago gozatzea, osasun mentalari kalte egiteko arrisku handiagoa…
Eta, beti bezala, zaurgarrienek errealitate eta arrisku horiek zorrozki pairatzen dituzte.
Hori aldatzen joango bagina, gure inguruan, apurka-apurka, gure neurrian, baina atsedenik gabe eta konpromisoz, ziurrenik eskubideetan berdintasunezko gizartea lortuko dugu eta gizateriaren historian eta gure historia pertsonalean urrats erraldoi bat egiten lagunduko dugu.