Dakigunez, funtsean, Prozedura Kriminalaren Legearen zenbait artikulu aldatzea proposatzen da ekimen honetan, besteak beste, herri-akzioa egikari dezaketen subjektuak mugatzeko, eta hura ukatzeko «alderdi politikoei eta horiekin lotutako elkarte edo fundazioei» eta «pertsona juridikoei edo edozein motatako erakunde publikoei», herri-akzioa egikaritu ahal izango den delituak mugatzeko, eta prozedura judizialean sartzea eta instrukzioan zehar jardueraren bat egitea eragozteko.
Ezin da ukatu herri-akzioaren figura Fiskaltzak eta delituak kaltetutako subjektuak —«akusazio partikularra»— gauzatu dezaketen akzio penalarekin batera existitzen dela, modu konplexu eta ez-baketsuan. Baina, nolanahi ere, Konstituzioaren 125. artikuluan aitortutako eskubidea da, horrela jasota: «Herritarrek herri-akzioa baliatu ahal izango dute (...)».
Hala, herri-akzioa Konstituzioan aurreikusita dagoenez, ezin da bertan behera utzi, nahiz eta, lege-eraketako eskubide bat izanik, legegileak hura gauzatzeko modua alda dezakeen. Modulazio hori jada egin da indarrean dagoen legedian, eta hori bera egin nahi da orain aipatutako proposamenarekin.
Konstituzio Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak «oinarrizko eskubidetzat» jo duten eskubidea da —ñabardurak ñabardura—, «gizabidezko eskubide» eta «eskubide aktibo» gisa, zeinaren bidez herritarrek Fiskaltzarekin arma parekotasunez egikaritzen baitute akusazioa. Azken batean, Fiskaltzaren jarduerarik eza kontrolatzeko berme bat da, ez baitu ekintza penalaren monopolioa.
Europako gure inguruko gainerako ordenamendu juridikoetan ez dago eskubide hau. Gainera, jurisprudentziak eztabaida, zalantza eta interpretazio ugari sortu izan ditu beti. Gogora dezagun kontraesankorrak diren epaiak: «Botin doktrina» —herri-akzioaren erabilera murrizten duena— eta «Atutxa doktrina» —aurreko doktrinatik aldendu zena, herri-akzioari jarduteko tarte handiagoa emanez—.
Esperientziaren arabera, herri-akzioaren gehiegizko erabilera egon da. Baina baita arduraz erabiltzea ere, kasu askotan Fiskaltzaren jarduerarik eza ordezkatuz.
Gobernuek herri-akzioa mugatu nahi izan dute beti. Eta oposizioan dauden alderdiek kontra egin dute. Orain gauza bera gertatzen da.
Legebiltzarreko eztabaida irekitzeko, sine qua non diren bi baldintza bete beharko liratekeela uste dut. Alde batetik, legebiltzar-talde sozialistak uko egin diezaiola Lege Organikoaren Proposamen honi, eta Gobernuak izapidetu dezala —baldin eta barne-adostasuna badu— Lege Proiektu gisa erreforma bat, eztabaidan irizpen-elementu guztiak egon daitezen, hala nola nahitaezko txosten juridikoak —kasu honetan, Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusikoa, Kontseilu Fiskalekoa eta Estatu Kontseilukoa—. Bestetik, erreformak hura onetsi ondoren hasten diren prozesu penalei baino ez eragitea, atzeraeraginik gabe.
Honela, guztiz zilegizkoak diren zalantzak argituko lirateke proposatutako erreformaren benetako helburuari buruz, Gobernuko presidentearen ingurune politiko eta pertsonalari eragiten dioten prozesu penalekin bat datorren denbora-testuinguru batean, non garrantzi handia du herri-akzioak
Honela, guztiz zilegizkoak diren zalantzak argituko lirateke proposatutako erreformaren benetako helburuari buruz, Gobernuko presidentearen ingurune politiko eta pertsonalari eragiten dioten prozesu penalekin bat datorren denbora-testuinguru batean, non garrantzi handia du herri-akzioak.
Ikusiko dugu nola doan eztabaida hau, interesgarria, baina baita interesatua ere.