Gauza garrantzitsuak gertatu dira: Kataluniako Gobernua osatzea, oraindik zeresana emango duen akordio baten ostean; Olinpiar Jokoak; Carles Puigdemonten etorrera eta martxa... Hau da, denetarik izan dugu.
Baina utz iezadazue beste gertakari bat nabarmentzen, gogoeta orokor interesgarriak egiteko aukera ematen duena, niretzat behintzat. Joan den abuztuaren 1ean Pablo Gonzalez askatu zuten, Europako hainbat herrialdek eta AEBk, alde batetik, eta Errusiak, bestetik, presoen truke baten harira. Askapen horrek iruzkinak eta artikuluak sortu ditu —bere kartzela-egoerak sortu zituenak baino askoz gehiago—. Eta iruzkin horietako askotan behin betiko ondorioztatzen da Gonzalez espioi errusiarra zela.
Nik ez dakit Gonzalezek espioitza lanak egin dituen edo ez. Baina une honetan ez da hori kezkatzen nauena, baizik eta pertsona guztien askatasunak eta eskubideak defendatzea, kasu honetan Pablo Gonzalez Yagüeren eskubideak, Poloniako kartzela batean, EBn bertan, behin-behineko espetxealdiko 29 hilabeteetan zapaldu baitituzte, oso baldintza larrietan egon delako, deliturik leporatu gabe eta ikerketa-eginbideak eta horien ondorioak jaso gabe.
Gonzalez ia erabateko inkomunikazio eta bakartze egoeran egon da, egunean 23 orduz bere ziegan giltzapetuta, inorekin komunikatu ezinik, salbu eta Espainiako kontsularen eta bere abokatu poloniarraren bisita bakar batzuk eta bere familiarekin gurutzatu ahal izan dituen eskutitz gutxi batzuk, eta oso arazo larriak izan dituelarik bi abokatuekin eraginkortasunez komunikatzeko. Hau guztia bere emaztearen hitzetan, inork zalantzan jarri ez dituen hitzetan.
Eta, orain, hedabide batzuetan irakurri dudanez, Gonzalezek berak salatu du espetxeratuta egon denean «mehatxatu eta presionatu» egin zutela, eta, are gehiago, «bere buruaz beste egitea iradoki» ziotela, eta atxilotu eta bederatzi hilabetera baino ez ziotela utzi bere abokatuarekin biltzen.
Hau guztia, EBren eta Espainiako Estatuaren beraren isiltasun lotsagarriarekin.
«Pablo Gonzalez Yagüe libre da. Pozten naiz beragatik eta bere familiagatik. Eta, agian garrantzitsuagoa dena, ERRUGABEA ere bada, auzitegi batek ere ez baitu kontrakoa adierazi»
Hasi bezala amaituko dut: Pablo Gonzalez Yagüe libre da. Pozten naiz beragatik eta bere familiagatik. Eta, agian garrantzitsuagoa dena, ERRUGABEA ere bada, auzitegi batek ere ez baitu kontrakoa adierazi. Badakizue, «errugabetasun-presuntzioa» ere, giza eskubide funtsezkoa, pertsona guztiei aplikatu behar zaiela.