Une horretatik aurrera ez dugu ezer jakin gaiari buruz, harik eta abuztuan jakin genuen arte Gobernua arlo horretako lege-erreforma bat amaitzen ari zela.
Gai honi dagokionez, hausnarketa asko egin daitezke.
Alde batetik, egoera eta arau diskriminatzaile guztiak, zuzenak eta zeharkakoak, gainditzeko beharra gogorarazteko aukera dugu. Eta oraindik, arau batzuetan diskriminazioak daude, batez ere emakumezkoen aurka eta zeharkakoak, detektatzen zailagoak direlako.
Bestetik, nire ustez, beharrezkoa da Espainiako erakundeek —Gobernuek (Eusko Jaurlaritza barne), Parlamentuek (Eusko Legebiltzarra barne) eta Auzitegiek— arau diskriminatzaile horiek garbitzeko ahalegina egitea, motu proprio edota herritarrek eta hainbat erakundek hala eskatuta. Ezinbestekoa da ikuspegi horretatik aztertzea, gutxienez zeharkako diskriminazio horren susmoa edo salaketa dagoenean. Ez da erraza, ez, diskriminazio-mota hori detektatzea. Baina kasu honetan, sinplea ez ezik, behartua ere bazen, begi bistakoa zenez.
Begi bistakoa, bai. Izan ere, Espainiako koalizio-gobernuaren akordioak lehentasunez aurreikusten zuen etxeko langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean erabat integratzea legegintzaldian zehar, eta etxeko langileei buruzko Lanaren Nazioarteko Erakundearen 2011ko 189. hitzarmena berrestea. Horrela, erabateko berdintasuna lortuko litzateke langabezia-prestazioa eskuratzean eta gainerako lan-baldintzetan.
Eta, COVID-19aren inguruan emandako salbuespenezko legedian langabeziagatiko aparteko sorospena aitortu zitzaien etxeko langileei. Baina, hortik aurrera, besterik ez.
Horrela, beste behin ere ekimen politikoa hartuz jarduteko aukera galdu da. Berriz ere EBJAren epai baten ondorioz arautu behar izan da, hau da, berandu eta lotsagarri. Berandu, langile askorentzat orain onartu den erreforma alferrikakoa izango delako, eta aspaldidanik egiteke zegoen eta dagoeneko konpondu behar zen kontua delako. Lotsagarri, egoera ezagututa, eta aipatu dudan konpromiso politikoa egonda, ezin izan da erantzunik eman koalizio-gobernuaren azken bi urte hauetan. Eta, jakina, oinarrizko justizia zen.
Politikoki askoz baliotsuagoa, interesgarriagoa eta konprometituagoa zitekeen Gobernuak ildo horretako legegintza-ekimen bat bultzatu izana, orain egin behar izan duen bezala, egoerak behartuta.
Baina, azkenik, joan den irailaren 6an, etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak hobetzeko Errege Lege Dekretua onartu da. Arau honetan, langabezia-prestaziorako kotizatzeko eskubidea aitortzen da datorren urriaren 1etik aurrera eta, noski, gero prestazioa jaso ahal izatea: hau da, kotizatzen hasiko da eta, urtebeteko kotizazioa izan eta lana nahigabe galtzen denean, prestazioa jaso ahal izango da. Beste edozein langilek bezala.
«Horrela, beste behin ere ekimen politikoa hartuz jarduteko aukera galdu da. Berriz ere EBJAren epai baten ondorioz arautu behar izan da, hau da, berandu eta lotsagarri»
Beste aldaketa garrantzitsu batzuk ere egin dira langile horien lan-araubidean. Nabarmenena, kontratua azkentzearen erregimenean. Enpresak askatasunez atzera egitea desagertzen da, hau da, inolako arrazoirik gabe kaleratzea. Horren ordez, familiaren egoera ekonomikoa edo beharrizanak aldatzea eta harengan konfiantza galtzea eragiten duen langilearen portaera sartzen dira azkentzeko arrazoi gisa. Nolabait, langile komunen erregulaziora hurbiltzen da. Nolanahi ere, baldintza ekonomiko apalagoekin; izan ere, kasu horietan, Langileen Estatutuan zerbitzu-urte bakoitzeko hogei eguneko soldataren kalte-ordaina aurreikusten da, eta etxeko langileentzat, berriz, hamabi egunekoa.
Aurrerapausoa da, bai, baina ez nahikoa. Eta gertatzen da, gainera, ez diedala kontrako iritzirik —edota balorazio iritzirik— entzun etxeko langileen elkarteei, eskubide guztiak gainerako langileekin parekatzea aldarrikatzen bazuten ere.
Egia esan, urte askotan ez da beste erreformarik egingo lan honen erregulazioan. Berriro ere, honek sentsazio gazi-gozoa utzi dit.
Pazientzia eta adorea, beraz.