Franco, Sanchez eta memoria motza

Duela egun batzuk Pedro Sanchezek Nazio Batuen Batzar Orokorrean eman du hitzaldia. Kasualitatez, hain zuzen ere, Auzitegi Gorenak Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko Gobernuaren erabakia berresten zuela iragarri zuen egun berean.

Bere hitzaldi horretan Sanchezek esan omen zuen, gutxi gorabehera, erabaki horrekin «zirkulu demokratikoa eta gure historiaren kapitulu iluna ixten direla» eta «Espainiako demokraziaren garaipen handia dela».

Egun horietan ere, Ameriketako Estatu Batuetan bertan, telebista kate batean esan du Errepublikak defendatutako eskubideak eta askatasunak Konstituzioan eta Felipe VIak ordezkatzen duen monarkian berreskuratu eta gauzatu direla.

Sanchezen hitzetan dena eginda dagoela dirudi: Errepublika, Borboien monarkian berpiztua eta 1936ko matxinadaren eta diktaduraren ondorioak konponduta. garbituta. Baina argi dago ez dela horrela, inolaz ere. Asko dago egiteko, baina berak ez omen du horrela ikusten.

Francoren gorpuzkiak bere biktima askorekin batera lurperatuta egon diren tokitik ateratzea justua da eta aspaldian egin beharrekoa. Baina ez da nahikoa.

Badakit zerbait egin dela, baina gutxiegi, beranduegi eta, gainera, muina heldu gabe.

Guztiz derrigorrezkoa eta atzeraezina da erabat zilegi izan zen II Errepublika aldarrikatzea, oraindik ez zaigulako utzi horretaz ezer erabakitzen eta monarkiak ez honek ezta beste batek ere ez, baina honek gutxiago bere jatorria ezagututa nekez sustatuko dituelako Errepublikaren benetako balioak.

Derrigorrezkoa da baita ere 2007ko Memoria Historikoaren Legeari buruzko hausnarketa sakona egitea, bere jatorrizko eta gero ezarritako mugak eta zailtasunak aztertzea justiziaren aurkako oztopo guztiak gaindituz. Adibidez, Legeak ez ditu automatikoki deuseztatzen auzitegi frankistek emandako zigor-epaiak, horretarako segurtasun juridikoa argudiatuz, nahiz eta Alemanian 1998an eta Suitzan 2003an onartu ziren Legeak zentzu horretan.

Ezinbestekoa da era berean kontuan izatea 1977ko Amnistia Legeak eragotzi duela, orain arte, diktaduran hainbat agintarik, funtzionariok eta ordena publiko-agentek egindako horren delitu larriak ikertzea eta epaitzea. Hau bereziki da azpimarratzekoa, delitu horietako gehienak ezin direlako amnistiatu edota preskribatutzat eman, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera.

Nahitaezkoa da gogoratzea azken urteotan, 2009tik gutxienez, Nazio Batuen hainbat erakundetatik eskatu zaiola Espainiari Amnistiaren Legea indargabetzea edo, behintzat, aldatzea, delitu horiek epaituak ahal izateko eta Estatuak bere gain hartutako nazioarteko betebeharrak bete ahal izateko. Estatua entzungor egin bada ere.

Azkenik, ez da ahaztu behar PSOE eta Sanchez bera direla, neurri handi batean, errudunenak. Beraien esku egon da memoria eta justizia, baina injustiziaren alde egin dute. Horrela da: 2011tik hona, hiru aldiz gutxienez, PSOEk galarazi egin du Amnistia Legearen aldaketa, horretarako hainbat parlamentuko taldek aurkeztutako ekimenei uko eginez, azkena 2019ko uztailean gertatu delarik. Eta hau guztia, Diputatuen kongresuan gertatu da, Sanchez ahanzkorraren botoaren bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!