Mintzalaguna, aitzakiarik gabeko jarduna

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Iñaki Azaldegi

Garai bereziak ziren, eta egokitu zitzaigun berez egokiena ez dena egitea: oso gazte izanda dezente zaharragoei euskarazko eskolak ematea. Euskal Filologiako bigarren mailarekin batera hasi ginen, 1982an, Aitzol Udal Euskaltegian eskolak ematen. «Ume» batzuk pertsona helduei irakasten aizue. 

Hainbatekin topo egiten dut orain, eta pentsatzen dut neurekiko: «Zer pentsatuko ote zuten hauek nitaz?». 19 urterekin 30 urtekoen irakasle. Gazte eta berde. Lotsatu egiten naiz, baina halaxe izan zen, eta ilusioz eta kemenez eutsi genion erronkari, baita 19 urterekin genuen fundamentuarekin ere. Gazteegi ote ginen agian? Ez, ziur.

Euskalgintzaren bidea hartua genuen, beharbada oso kontziente izan gabe. Ez etsitzearen hautua egin genuen, amorerik ez ematearena, helburuetara nahi adina gerturatu ezean ere. Mina sentitzen da, hizkuntzarekiko axolagabekeria asko baita bazterretan. Baina badakizue: lepoan hartu eta segi aurrera. Euskarazko eskolak ematen zazpi urte pasatu ondoren, beste urte mordoa egin nituen euskara-teknikari lanetan, udalean. Horrek ere amaiera du, jakina. Horregatik, euskalgintza utzi beharra dago? Ez du zertan, noski, beti baitago zeregina nahi duenarentzat.

Nire aukerak, harrez gero, Mintzalaguna izatea eta Lizardi Kultur Elkartean euskal kulturako ekimenak antolatzea izan dira. Zaharregia agian lehen gazteegia bezala? Ez, orain ez edo oraindik ez.

 

«Euskaraz berriketan, zoriontsuago ere izateko»

 

Mintzalaguna euskaraz hitz egitea besterik ez da. Euskara herdoilduta dutenekin edo oraindik praktika falta dutenekin euskaraz jardutea da, astean behin, ahal dela umore giroan. Miraririk eragiten al du hizkuntza-gaitasunean? Ez, ziur. Ahozko trebetasuna handitzea, edozein hizkuntzatan, arnasa luzeko lana da eta ez da miraririk gertatuko astean ordubete edo gehixeagoz euskaraz aritzeagatik. Gehienez ere, aurretik zenuen mailari eustea lortuko duzu. Trebetasuna handitzeko, garrantzitsua izango da dakitenekin euskaraz aritzea, irratia euskaraz entzutea, telebista euskaraz ikustea, Ataria irakurtzea… Mintzalaguna izateaz gain, horien guztien baturak euskara egoki menderatzeko ateak irekiko dizkizu.

Guk bidelagun jarraituko dugu, ate hori ireki dadin, ahal den ondoen pasatuz gainera: umore onean, zirtolari ere ahal denean, toki egokian kafea hartuz… Zoriontsu? Agian bai, euskaraz berriketan.

Gogoan dut «Euskaraz benetan, ez berriketan» aldarrikatzen genuela duela urte asko manifestazioetan. Esan nahi genuen euskarak behar zuen —duen— tornua izatekotan askoz serioago jardun beharra zegoela lege aldetik, hizkuntza-politikaren aldetik. Orain? Berriketan ere aritu beharraz ohartu ginen halakoren batean. Euskaraz berriketan, zoriontsuago ere izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!