Onomatopeiak

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Josu Lizarralde 2026ko uztailaren 17a

Ieup, irakurle! Ikusi al dituzu Galtzaundik uda honetarako prestatu dituen pegatina eta kartelak? Onomatopeien aitzakian festak euskaraz gozatzeko gonbita da aurtengoa. Beraz, hona hemen, erdaren morrontzan erori gabe, onomatopeiak euskaraz erabiltzeko gida edo proposamena.

Onomatopeien aitzakian festak euskaraz gozatzeko gonbita da aurtengoa.

Glu-glu. Datozen egunetan, festa giroan (ere) hainbat bider egin daitekeen ekintza. Sagardo-dastaketa dela… glu-glu! Txosnako boluntarioei laguntzatxoa… glu-glu! Herri txikietako ostatuetan… glu-glu! «—Bi mosto jarriko, mesedez. —En castellano, por favor». Glu-glu-glu. Kontrako eztarritik.

Plisti-plasta. Igerilekuan, errekan, hondartzan… ibil gaitezke plisti-plasta uretan. Kantuak zioen Eba Mirentxu Benidormera joan zela eguzki bila; baina agerikoa da gero eta tropikalagoa den Euskal Herri honetan ere aritu beharko dugula plisti-plasta, beroak ito ez gaitzan. Agerikoa den beste kontu bat euskararen pizkunde-jauzi-olatu berri baten beharra da. Plisti-plasta busti beharko dugu guztiok olatu berrian.

Kili-kili. Larruazalean egindako ukaldi arin eta errepikatuez gorputzean eragiten den zirrara, irria ekartzen duena. Kilimez ari gara, noski, eta halako ukaldiak dira guztiontzat nahi ditugunak. Tristea da, baina festa giroan murgiltzera goazen honetan, gogoraraztea komeni. Bi aldeen zirrara eta irria sortzen duten kili-kiliak izan ditzagula bakarrik!

Ñiki-Ñaka. Edo riki-raka. Gauza bat etengabean egitea, alegia. Argibide gehiago nahi dituenak irudian topatuko du adibide grafiko bat. Aurreko onomatopeian azaldutakoa ere gogoan hartu.

Ttor-ttor. Mihia astintzea. Adibidea: ederra da lagunartean ordu txikiak arte ttor-ttor aritzea biharamunean iratzargailuak esnatuko ez zaituela jakinda. Plazer txikiak. Eta euskaraz bada, zer esanik ez.

Kar-kar. Barrezka aritzea. Ezinbesteko dugun ekintza. Xabier Amurizak idatzi zuen mundua ez dela beti jai, inoiz tristea ere badela, baina badirela mila motibo alai kantatzeko. Beraz, mila motiborekin, bakarrarekin ala motiborik gabe, kantatu, dantzatu, barre egin eta eragin, ahal den neurrian. Ez ahaztu.

Zirt-zart. Zerbait azkar egitea. Batzuetan zenbait erabaki zirt-zart hartu behar izaten dira. Udan edo oporretan ere bai. Hondartzara joango naiz ala igerilekura? Siesta apur bat luzatuko dut edo altxatu egingo naiz? Bide batez, badakizue zer den zirt-zart egin beharrekoa? Euskararen defentsa. Desafio potoloa du gure hizkuntzak aurrez aurre. Urrutira joan gabe, datuek eta ikerketek diote arnasguneak arriskuan daudela. Tolosaldeak paper garrantzitsua izan du euskararen bilakeran, eta guri ere badagokigu etorkizuna eraikitzen jarraitzea. Korrontearen kontra igeri egitea. Gutako bakoitzak egin beharko du. Lazkao Txikiren pasartea etorri zait gogora. Galdetu omen zioten:

— Hi, Joxe Migel, zer egin behar diagu euskararen alde?

— Zer egingo diagu, ba? Hitz egin, motel, hitz egin!

Ba horixe, festetan ere… euskaraz!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!