Pauso txikia gizakiarentzat, eta guretzat?

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Igor Agirre eta Idoia Aiestaran 2026ko apirilaren 25a

Txundituta geratu dira batzuk, beste batzuentzat oso urruneko kontua izan da. Gutxi batzuk ez zuten horren berri jasoko… baina matraka handi samarra eman dute Artemis II misioarekin komunikabideetan eta sare sozialetan. Beste zenbait egitekoren artean, Lurra planeta behatzea izan da misio espazialaren egitekoa. Oso-oso urrunetik aztertu dute Lurra eta aldi berean, oso gertutik jarraitu ahal izan dugu astronauten jarduna. Espaziotik bidaiatu duten horien unibertsoa 9,34 metro kubikoko bolumena duen kapsula bat izan da bidaiak iraun duen bitartean.

Izan ere, bakoitzak du bere unibertsoa, bere ingurunea. Metro kubikoetan beharrean bestelako espazioetan edo zirkuluetan ere definituta sarri: etxea, familia, kuadrilla… Eta gure haurrena? Sekula jarri al gara pentsatzen zerk eta nork osatzen duten gure herrietako haurrena? Horixe da gutxien-gutxienez Eusfera egitasmoaren helburuetako bat: hausnartzea. Zer egin dezakegu gure haurr(ar)en unibertsoa euskaldunagoa izan dadin?

«Zer egin dezakegu gure haurr(ar)en unibertsoa euskaldunagoa izan dadin?»

Galdera horri tiraka antolatu da Eusfera. Euskal Herri osoan batera gauzatuko den ekimena, maiatzaren 7tik 17ra, helburu argi bat jarraituz: 0 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoen eguneroko atmosferan euskararen presentzia handitzea. Eta askotariko hizkuntza-profila duten helduei eta familiei begirako ariketa izango da: bakoitzaren abiapuntua desberdina izango bada ere, haurren unibertsoa euskalduntzeko pauso egingarriak denok eman ditzakegu eta.

Askok pentsa dezakete horrelako ekimenak irakasleentzat, adituentzat edo betiko euskaltzaleentzat direla. Baina ez, bereziki gurasoentzat eta helduentzat da baliagarria Eusfera. Baita euskaldunak ez diren horientzat. Izan ere, etxean hartzen diren erabaki txikiek dute eraginik handiena haurren atmosferan: zein hizkuntzatan jartzen diren marrazki bizidunak, zein liburu irakurtzen den, nola egiten diren familiako planak, zein erreferente eskaintzen zaizkien haurrei…

Izan kontuan, gure eskualdeko 10 etxeetatik 4tan bakarrik da euskara nagusi. Eta duela 30 urte gehiago egiten zen gaur egun baino. Hori diote datuek. Aldatzen ari dira familia ereduak, hizkuntza profilak… eta gaur egun gure haurrek dituzten euspaziorik sendoenak eskolak dira. Baina gure haurren unibertsoa eremu gehiagok ere osatzen dute. Horixe da Eusferak proposatzen duena: gurasoek, aiton-amonek, helduek, egin ditzatela misio batzuk haurrekin batera etxean. Eta misio horiek norabide batekin proposatuko dira webgunean: euskaraz gehiago egiteko pauso bat aurrera egitea familiek.

Hamaika egun ditugu helduek haurren unibertsoa gehiago nola euskaldundu pentsatzeko, lantzeko. Euskaldunak direnentzat, ulertzen dutenentzat, ez dakitenentzat, denentzat proposatuko dira misio egingarriak Eusferan. Gure unibertsoan arnasten jarraitzeko euskarak oxigeno gehiago behar baitu, etxean, kalean, familian eta lagunartean. Helduok dugu giltza Tolosaldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!