Altzoko handiak

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Joxe Manuel Odriozola Lizarribar 2026ko otsailaren 27a

Manu Olano 'Arbasoei goratzarre' liburua Altzon aurkezteko unean, artxiboko irudian. L.C.

Kasu honetan Altzoko handiak deiturak ez du zerikusirik Altzoko Andiarekin; alegia, Migel Joakin Eleizegi Ateagarekin. Norbait handi izatea ez baitago ezinbestez haren neurri fisikoekin loturik. Oraingoan handitasunaren neurria gizatasunari dagokio, gizaki moduan handi izateari, giza dohain eta balioen jabe izateari.

Manu Olano Jauregik Arbasoei goratzarre deritzan liburu interesgarria eman du argitara oraindik orain. Altzoko baserri eta etxeak ditu azterkizun. Olanok dioenez:

«Azken aldian hainbat saiakera egin dira historia gehiago ezagutzeko: Euskal Herrikoa, Gipuzkoakoa, Altzokoa, besteak beste. Marko horretan kokatuko genuke eskuartean dugun lana. Batez ere, azken berrehun urtetik honako gertakizunen kontaketa txiki bat delako. Altzoko baserri eta etxeen historia laburra, eta gure arbasoen bizimodua kontatu nahi duena. Zertarako kontatu? Hasteko, ezagutzeko. Izan ere, ziurrenik, gaurko Altzoko gazteek, batez ere hogei urtetik beherakoek, oso erreferentzia gutxi dituztela uste dudalako».

Gure guraso eta arbasoen bizimodua ekarri du Olanok liburu mardul honetara. Jakitekoa baita zertan zetzan haien bizimoduaren esanahia eta zentzua. Mundualdi gogorra izan zen haiena, gogorrik bada. Maila materialean, baliabide sozioekonomikoak oso mugatuak zituzten; garaiak ere halakoak baitziren. Maila emozionalean edo kulturalean, berriz, kristautasun katolikoaren interpretazio zurrun eta zigortzaile batek bizi zituen. Eta, hala eta guztiz ere, katolizismo ofizial itogarri hartan gure arbasoen gizatasunari kristau humanismo handia zerion. Horregatik eta horretan izan ziren handiak. 

Giza historiaren irakurketa baikorra egiten dugu eskuarki. Giza historiaren batez bestekoaren bilakaera zentzu positiboan interpretatzen dugu; baita Euskal Herriari edo Altzori dagokienez ere. Gauzak errotik aldatu dira, eta, salbuespenak salbuespen, onerako, aldatu ere. Alabaina, gure guraso eta arbasoen mundu-ikusketa hartan ez ote zegoen guretzat jakingarria den ezer? 

Manu Olanok berak zer dio horri buruz?

«Garrantzitsua deritzogu gure arbasoen bizimodua ezagutzea. Uste dugu ez dela zakarrontzira botatzeko kontua. Zalantzarik gabe azken mendeetan, hainbat eremutan, hobetuko zen mundua eta biztanleen bizimodua, baina ziur, gure arbasoek bazituztela sinesmen, printzipio, balore eta ohiturak, gaur egunean ere baliagarri gerta dakizkigukeenak».

Zertan izan zen, horrenbestez, neurri batean bederen handi eta eredugarri gure arbasoen mundualdia? Euskalduntasunaren barrunbetan sartu gabe, zeren eta kontu horretan sartuko bagina, guk ez genuke haien neurrik emango, diglosia kontuak gorabehera. Beste mundu bat zen haiena, eta mundu haren baldintzak oso bestelakoak ziren, baina munduan izateko eta egoteko jarrerari dagokionez, badugu zer ikasia haiengandik. Iragana ez da okerragoa giza bizitzaren aspektu guztietan, guk hala uste badugu ere. 

 

«Zorionak Manu Olanori eta Altzori. Gaurko Altzok atzoko Altzo aintzat hartu eta haren ispiluan geure burua berrikusteko aukera ematen digulako»

Zorionak Manu Olanori eta Altzori. Gaurko Altzok atzoko Altzo aintzat hartu eta haren ispiluan geure burua berrikusteko aukera ematen digulako. Amaitze aldera, Xabier Olano alkatearen hondar hitzok: «Gure amonek eta aitonek asmatu zuten garai zailetara egokitzen. Beraien bizipen, historia, jakinduria eta hizkera aberatsak ondare bikaina utzi digute. Ahal bezain ondoen jaso eta hurrengo belaunaldiei helaraztea zor genien».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!