Euskalgintzaren diskurtsoak

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Joxe Manuel Odriozola Lizarribar 2025eko urriaren 31

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin zuen urri hasieran Bilbon, euskalgintzako ordezkari era norbanako euskaltzale batzuekin batera. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Identitate nazionala baino zabalagoa den identitate sozial bat behar omen du euskalgintzaren diskurtsoak eraginkorra izango bada. Euskararen auzia ez dadila abertzaletasunarekin edo nazionalismoarekin nahasi. Identitate zabalago horrek, besteak beste, eskatuko luke euskalgintzak euskal identitate nazionalaren diskurtso tankeraren parametrotik aldentzea.

«Euskalgintzan diskurtso aldaketarako gogoa nabaritzen da»: horra diskurtso berriaren ahotsak iradokitzen duena. Utikan ideologia abertzalearen diskurtsoak euskararen aldeko jardueretan! Behinolako estrategia politizatuak ez bide du lekurik egungo euskalgintzaren irudikapenetan. Nolanahi ere, aspalditxo galdu zuen euskalgintzak 1970ko hamarkada aldera bere egin zuen ideologia politiko nazionala.

Identitate zabalago bat proposatzen duenak gauza bat argitu behar liguke aldez aurretik, ordea. Denon artean partekatu behar omen dugun identitate sozial zabal horretan zein izango litzatekeen osagai linguistiko, kultural eta ideologiko hegemonikoa eta zein mendeko. Diskurtso berriaren sozializazioak nola uztartuko lituzke bateko euskaldunon izaera nazionala eta besteko espainiarren eta frantziarren hegemonismo nazionala? Gure euskalduntasuna bi erdal identitate hegemonikoekin partekatu behar badugu, zertan aldatzen dira gauzak gaurko statu quo soziolinguistikoarekiko? Hizkuntza eta kultura nazionalen arteko harremanak oraindik ere antagonikoak baitira munduko estatu nazionalen sisteman.

 

«Diskurtso berriaren sozializazioak nola uztartuko lituzke bateko euskaldun izaera nazionala eta besteko espainiarren eta frantziarren hegemonismo nazionala?»

Identitate nazionalean oinarritutako diskurtsoa agortutzat ematen du euskalgintzaren ikuspegi berriak. Hala ere, honako kontraesan hau nabarmentzen dute: «Herritar askori galdetuz gero zergatik egiten duen euskaraz, erantzuna da, euskalduna naizelako». Eta erantzun horren atzean identifikazio nazionala dagoela dioskute. Nolanahi ere, euskaldun sentitzearen leialtasunak ez du zertan eta ezinbestez euskal identitate nazionalaren ezpalekoa izan. Hartara, gurean nagusi den euskaldun izateko praxia ez da hain zuzen nazionala zentzu hertsian, diglosikoa baizik. Kontzientzia nazionalik gabekoa, alegia.

Gatozen berriro aipatu berri dugun galderara. Baten batek espero ote zuen ba, esate baterako, aurreko galdera horri honelatsu erantzutea?: «Justizia sozialaren alde nagoelako hitz egiten dut euskaraz». Zenbaiten ustez euskararen normalizazio soziala justizia sozialaren ildotik pasatzen da. Hizkuntzen gauza hauek ordea besterik dira. Hizkuntzen auzia ez baita bereziki «justizia sozialaren» arloan ebazten den afera, nazio arlokoa baizik. Euskararen alde edo aurka dauden klase sozialak ez dira bat eta bakarra; aspaldi ikertua eta esana da hizkuntzaren arazoa klase sozialez haratago doan afera dela. Nazioari dagokiola hizkuntzen aldeko edo aurkako politika zehaztea, klase sozialen eragina gorabehera.

Euskalgintzako diskurtso apolitikoak, hala ere, justizia sozialaren ardatzean kokatzen du euskararen normalizazio soziala, ez nazio ardatzean. Dena dela, justizia sozialari dagokion marko politikoa ere de facto nazio politikoaren edo estatuaren eskuko da. Bestela esanda, justizia soziala nazio espainolaren edo frantsesaren egitura nazionalaren baitan txertatuta dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!