Gure Hitzak ekimenaren ardatza izan da kaleko elementuak euskaraz janztea. Kasu honetan, zortedun elementuak semaforo kaxak izan dira. Izatez nahiko hotzak eta goibelak dira, bizitzarik gabeak. Kaleetan zehar egoten dira inoren begiradarik jaso gabe. Ekimen honen bitartez, bizitza eman zaie, euskarak Euskal Herriari ematen dion bezala. Askotan entzun dugun moduan, «euskara da euskaldun egiten gaituena», eta, beraz, kaleak ere euskaldun egin behar ditugu, euskara nonahi erdigunean ipiniz.
Gaur egun, euskarak kolore asko dauzka, margotu ditugun semaforo kaxek bezala. Euskara askorena bihurtu da, eta mundura zabaltzen ari da. Hainbat jatorritako pertsonak entzun daitezke gure kaleetan euskaraz hitz egiten, eta euskaldun batentzat pozgarria da hori ikustea. Euskararen alde egiten diren ekimenak ere asko dira, eta horietan lanean dihardu Galtzaundi Euskara Taldeak. Artikulu honen bitartez Tolosako Gazte Topaguneak haiekin lanean izandako esperientziaren berri emango dizuegu.
Topaguneak herriko ekimenetan parte hartu ohi du, urteak daramatza Tolosako eragileekin elkarlanean, eta ekintza ugari antolatu ohi ditu. Oraingoan, Galtzaundi Euskara Taldearekin Gure Hitzak ekimenean hartu dugu parte. Proiektuaren parte izatearen eskaria Galtzaundikoek egin arren, Topaguneko hezitzaileek zein nerabeek hasieratik ekimena berena egin zuten.
Prozesua bilera baten bitartez hasi zen. Galtzaundikoek proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkiguten, eta Topaguneko hezitzaileen interesa berehala piztu zen. Ondorioz, buru-belarri hasi ginen ekimenari forma ematen eta nerabeekin hitz egiten.
Bi talde osatu genituen. Alde batetik, neska talde aktibo bat animatu zen. Beste taldeari dagokionez, aniztasuna bilatu nahi izan genuen zentzu guztietan, gaur egungo gizartearen isla. Taldea mistoa izan zen, eta kultura eta adin ezberdinetako nerabeek osatu zuten.
«Indarrez eta gogoz; euskal kulturarekiko maitasuna azaleratu zuten margolanen bidez»
Bi taldeei azaldu zitzaien egitasmoaren nondik norakoa. Lehen pausoa, euskarazko esaldi esanguratsu bat aukeratzea izan zen; ondoren, margolan bilakatu zena. Hiruzpalau egunetan esaldiak arakatzen ibili eta gero, aukeratu zituzten eurek euskararekiko sentitzen zutena hobekien azaltzen zuten esaldiak. Esaldiak txantiloi bilakatu, eta kalera. Semaforoetako kutxen aurrean ginela, hasieran lotsati, ondoren, indarrez eta gogoz; euskal kulturarekiko maitasuna azaleratu zuten margolanen bidez. Inguruko begiradak nabaritu ziren hasieran; harridurazko begiradak izan arren, mezua jasotakoan, begiradak irribarre bihurtu ziren. Hezitzaileontzako garrantzitsuena, gazteen jarreran gertatu zen aldaketa izan zen: hasierako urduritasunak alde batera utzi, eta ekintzan murgildu ahala eta kaleko pertsonak hurbildu ahala, harrotasunez jantzi ziren gazteak eta semaforo kaxak.
Garrantzitsuak dira horrelako ekintzak. Euskara gure hizkuntza da, eta euskarak euskaldun egiten gaituela adierazteaz gain, helburu berdinak dituzten eragileen arteko elkarlana eta parte hartzea sustatu da. Gazteek pertenentzia sentimendua garatu zuten, Topagunean hasi eta Galtzaundiko kideekin batera, kalera eraman zena. Ziur, Tolosako semaforoetako kutxa horien ondotik igarotzen diren bakoitzean, esaldiak irakurri eta harro esango dietela ingurukoei, euren bihotzeko zatitxo bat irudikatu zutela behin bertan.
Euskara eremu formaletik atera eta plazara ekarri behar da, jolasera eta gozamenera.