Orduko hartan, kalean entzun ziren elkarrizketa guztien artean %29 izan ziren euskaraz. Adinekoak ziren euskaraz gehien egiten zutenak eta gazteak berriz euskara gutxien zerabiltenak. Lau hamarkada pasa ondoren, egoera guztiz irauli da: euskara da hizkuntza nagusia Tolosako kaleetan (%53), haurrak eta gazteak dira gehien darabiltenak, eta adinekoenak gutxien egiten dutenak. Iraultza linguistiko lasai bat bizi izan dugula esan daiteke, oraindik, ondo dakigun bezala, handia bada ere egiteke geratzen zaigun bidea.
«Iraultza linguistiko lasai bat bizi izan dugu, oraindik, ondo dagokigun bezala, handia bada ere egiteke geratzen zaigun bidea»
Lorpen hau kolektiboa izan da, eragile eta herritar askoren ahaleginaren fruitu. Herritar euskaldunez eta erdaldunez osaturiko gehiengo zabal baten borondateari esker lortu dena.
Halako goranzko bilakaera gutxi gertatu da urteotan Euskal Herrian. Lorpen sozial honen tamainaz ohar gaitezen, konpara ditzagun datuok Euskal Herriko kale-erabileraren bilakaerarekin. Euskal Herri osoko lehen neurketa 1989an egin zen eta euskararen batez besteko erabilera %10,8koa izan zen. 2021eko azken neurketan, aldiz, %12,6koa izan da. Gipuzkoan 23,3tik 30,6ra igo da. Ikus dezakegunez, Tolosan lortu den gorakada nabarmen handiagoa da.
Ikerketa sakonak beharko lirateke bilakaera hau eragin duten faktoreak zehazteko. Horrelakorik ez dugu, baina, beste errealitateekiko konparaketak eta hamarkada hauetan bizi izandakoak oinarritzat hartuta, nire ustez, prozesu honetan gehien eragin duten faktoreak aipatuko ditut.
Bat. Eskualdea. Tolosan gaztelania izan da erabat nagusi gerraren ondoren (eta baita aurreko hamarkadetan ere), baina ingurune oso euskaldun baten hiriburua da. Kalean ez zen horrenbeste entzuten, baina, familia askotan egiten zen, eta askok, familia zuten inguruko herrietan. Tolosak euskarari leihoak berriz zabaldu dizkionean, berehala jaso du eskualdearen eragin positiboa, nahiz eta azken urteetan, eskualdean kontrako joera gertatu eta erdararen erabilera handitu.
Bi. Ikastetxeen inplikazioa. Laskorain Ikastola aitzindaria izan zen Euskaraz Bizi metodologia aplikatuz. Baina gure herrian bai Samaniego/Orixek, eta baita Herrikide osatzen zuten ikastetxeek ere, garaiz heldu zioten euskararen aldeko dinamikari, D eredua orokortuz eta euskararen erabileraren aldeko dinamikak sustatuz.
Hiru. Galtzaundi, hedabideak eta herritar aktiboak. Euskararen aldeko dinamika sozial indartsua ezagutu dugu hamarkada hauetan. Euskalgintzatik, gainera, beste eragile, elkarte eta erakunde askoren inplikazioa sustatu eta lortu da.
Lau. Udala. 80ko hamarkadatik inplikatuta egon da euskararen biziberritze-prozesuarekin. Aldaketak aldaketa, Euskara Batzordea eta Euskara Zerbitzua martxan egon dira aurrekontu egokiekin eta euskalgintzarekin elkarlanean. Herritarrak euskalduntzen Udal-Euskaltegiak egindako lana ere nabarmendu behar da.
Gehiago aipa litezke, eta analisi zehatzago batean, faktore horietan izan diren argiak eta ilunak ere aztertu beharko genituzke, baina, esango nuke, lau zutoin horien gainean eraiki dela Tolosako euskararen berrindartze-prozesua.
Aurrera begira, Tolosa eta eskualdea euskalduntzen jarraitzeko ezinbestekoa izango da, hezkuntza-mailan erabilera-dinamikak sustatzen jarraitzea eta, arreta berezia eskaintzea munduaren lau kornerretatik datozkigun haur, gazte eta gurasoei. Administrazio-mailan Tolosako ikuspegia gainditu eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia osatu eta eskualdeko hizkuntza-politika sendo bat definitzea mugarri garrantzitsua gerta daiteke prozesu honetan. Eta azkenik, dinamika soziala sustatzen jarraitu beharko dugu, erabilera sustatuz herriko eta eskualdeko sektore sozial guztietan.
Orain artekoa Tolosako eta Tolosaldeko herritarren lorpena izan den bezala, aurrerantzean ere gizarte osoaren bultzada beharko dugu euskarak aurrera egitekotan. Posible da, eta orain arte bezala, ilusioz, kemenez eta erabakimenez lortuko dugu.