Elkar ezagutuz, bizilagunak!

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi euskara taldea. Amaia Iturria 2023ko urr. 30a, 07:58

'Bidasoa 2018-2023' produkzioaren fotograma. ATARIA

Oraindik gogoan daukat Bizilagunak ekimena 2018an ezagutu izana, Tolosaldea Garatzenen Migrazio eta Aniztasun sailera iristean. «Hau da gakoa», pentsatu nuen. Nola ez ba! Gune intimo, seguru eta bazkari baten baitan elkar ezagutu ahal izateko ekimena. Zertarako? Arrazismoaren aurkako lanketan, ezezaguna eta arrotza egiten zaigun horren inguruko aurreiritziak eta estereotipoak apurtzeko.

Urte horretan bertan, ekimenean parte hartu nuen beste hiru lagun emakumerekin, eta arabiar jatorriko sei emakumek ongi etorria egin ziguten beraien etxean. Bazkaltzeko egunaren aurretik dinamizatzailea jarri zen gurekin harremanetan, azken batean harrera egingo den etxean egunerako egokitzapenak egin ahal izateko.

Oraindik gogoan daukat, egunean bertan, trenez iritsi ginela, eta Villabonako plazan elkartu ginela beste taldeko bi emakumeekin. Beraiekin batera harrera egingo ziguten etxera joan ginen, eta atea ireki, eta beste lau emakume musikarekin, alai, irribarretsu! Ze ongi etorria! Azken batean, konfiantzazko gunea! Horren bitartez harremanak sendotzeko aukera izan dugu, eta elkarren berri izaten jarraitu dugu.

 

Horren bitartez harremanak sendotzeko aukera izan dugu, eta elkarren berri izaten jarraitu dugu.



Bizilagunak, bertakoak eta bertara iritsiak, bazkari baten baitan elkartzen dituen ekimena da. SOS Arrazakeriak Gipuzkoan duela 11 urte martxan jarritako ekimena da, eta, Tolosaldean, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak bideratzen du. Urtero, azaroko igande bat proposatzen da topaketarako, eta, aurten, azaroaren 19an izango da Mahai istorioak lelopean.

Azken urteetan Bizilagunak ekimenean parte hartu duten pertsonen esperientziak aberatsak dira. Horien artean bereziki ama batek kontatua, semeak amari horrela esan omen zion: «Ama, bazkari honekin ikasgai oso batean ikasiko nukeena baino gehiago ikasi dut». Horrek indarra eta gogoa ematen digu!

Helburua, alde batetik, ezezagun zaigunarekiko aurreiritziak eta estereotipoak deseraikitzea da; eta, bestetik, etorri berri diren pertsonentzat gizarte sareak ahalbidetzea, bizikidetza bultzatuz. Feminismoarekin betaurreko moreak jarriak ditugun moduan, arrazismoarekin ere betaurrekoak jartzea ezinbestekoa da. Gaur egun badakigu migratzeko arrazoiak ugariak direla, eta arrazoi ekonomikoez gain, jazarpen politikotik edo sexistatik ihesi migratzen duela jendeak beste lurraldeetara. Miguel Pajaresek klima-arrazoia ere gehitzen du Migraciones Climáticas liburuan, 2021eko abenduan Tolosan azaldu zigun moduan. Arrazoiak milaka dira, eta horri buruzko azterketa soziologiko interesgarria dauka eginda Lolita Chavezek, duela bi urte Tolosako Jabetze Eskolan kontatu zigun bezala.

Pertsona bakoitzak bere istorio pertsonala dauka, bere bizi proiektua; eta gure bizilagunek ere bizi dituzte Fermin Muguruzak Bidasoa dokumentalean biltzen dituen testigantzak, baita Ibrahimak eta Ametsek Miñan liburuan azaltzen dituzten horiek ere. Asko gustatu zait duela gutxi irakurri dudan Audre Lorde aktibista feminista afroamerikarraren esaldi bat: «Kontzienteki aztertu beharra dugu nola tratatu elkarri samurtasunez, hori ohitura bihurtu dadin».

Gorde ezazue data, beraz. Azaroaren 19an, Bizilagunak, Tolosaldean. Parte hartu nahi duzuenok Sosracismogipuzkoa.org/Bizilagunak estekaren bitartez izena eman dezakezue, eta, bestetik, migrazioa@tolosaldea.eus  helbide elektronikora idatziz, edo 646 057 080 telefonora deituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!