Jon Plazaolaren “Tu-Tum, Platz!” bakarrizketa ikusteko sarrerak salgai

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi 2023ko apirilaren 7a

Bakarrizketa Tolosako Leidor aretoan izango da maiatzaren 5ean. Sarrerak online Kutxabanken webgunean eta presentzialki Leidorreko leihatilan eskuratu daitezke.

Jon Plazaola umoregileak Tolosan estreinatuko du “Tu-Tum, Platz!” izeneko bakarrizketa. Leidor aretoan izango da emanaldia, maiatzaren 5ean, 20:00etan. Ikuskizun horri esker, Jon Plazaola bere sorlekura, bere sehaskara itzuli da. Taula gainean bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa diren honetan, berriz ere “Stand Up” formatuko bakarrizketari heldu dio; hori bai, 23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago. Sarrerek 10 euroko prezioa dute eta online Kutxabanken webgunean eta Leidorreko leihatilan eskuratu daitezke.

Lehenengo aldiz oholtzaratuko du Plazaolak “Tu-Tum, Platz!” ikuskizuna. Ordubete inguruko saio izango da, umorez betetako kolpez kolpe baten ondoren, umoregile urretxuarrak ardo onak bezala urteen poderioz hobera egin duen, ala ardo txarra bezala ozpindu den jakiteko. Umoregilea, gidoilaria zein antzezlea, euskarazko umorearen inguruko proiektu askotan parte hartu du Plazaolak: Finlandia, Wazemank, Kontuz atsuak!, Kontrako eztarria, Barre librea…

Emanaldia Tolosaldeko Atariarekin elkarlanean antolatu du Galtzaundi Euskara Taldeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!