Azkena, gure alde

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Olasagasti. Galtzaundi euskara taldea 2022ko abe. 24a, 07:59
Nafarroa Arena lepo iragan igandeko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. BERTSOZALE ELKARTEA

Ez dira betiko garai onenak… Euskararen inguruko txoko honetan sakea egin, eta hasi naiz, enegarrenez, ohiko alamenean. Every day things are getting worse. Alegia, egunero, dena okerrago. Sasoi latzak, e, la, la, la...

Eta ez, gaurkoan ez, gaurkoan ez dut gogorik euskararen aiene, neke eta ezinez aritzeko. Altxa behar da burua. Tarteka, bederen. Azkena, gure alde. Sorioneku omen urteko hitza, eta gure txikian, baditugu hala sentitzeko mila motibo. Gure Guantanamo honek ere badu son bat bere larruazal iraunkorrean.

 

Eta ez, gaurkoan ez, gaurkoan ez dut gogorik euskararen aiene, neke eta ezinez aritzeko. Altxa behar da burua. Tarteka, bederen. Azkena, gure alde.

 

Jarraitzen duelako, bere txikian, «herri bat sortzen, euskaratik eta euskaraz», Maialen Lujanbiok lehen txapela irabazi zueneko hartan esan zuen bezala. Horregatik, gaur, barkatuko didazue, baina autokonplazentziaren eta nostalgiaren besoetan erabat, gure alde ariko naiz, suaren gainean dantzan. Izan ere, bateko eta besteko, Euskaraldia, Durangoko azoka, Hertzainak-en kontzertua, Mendifilm jaialdia, Bertsolari Txapelketa Nagusia... bi minutuero herriminak erasanda nabil azken boladan, euskararen herri honek sortu dituen eta sortzen dituen lanetan mira eginda.

Bai, badakigu, Euskadin rock&rollak ez du inoiz dirurik emanen. Ez rock&rollak, ez poesiak, ez komikigintzak, ez kulturak, oro har, baina sosik ezean, ematen digu bestelako pozik. Durangokoa ez dakit EztanDA izan den ostegunekoa bai, inondik ere baina berriro ere ispiluaren aurrean jarri gara behintzat. Aurrez aurre aurten, aspaldiko lagunekin berriro elkartzeko egokieran. Pozik ziren argitaletxeak eta diskoetxeak, azokak berreskuratu duelako pandemiaren aurreko giharra. «Inon baino alaiagoa izanen da», kantari sumatu ditugu batzuk.

Eta ehunka argitalpen berrien artean, zenbat harribitxi. Esaterako, aurten berriro entzun dugu Sekulabelardiko kantariaren ahots zilarrezkoa, Cano, Iturriaga eta Josevisky Larratxeren komiki bikainaren binetetatik. Art Spiegelmanen saguak ere euskaraz sumatu ditugu, nazien sarraski-eremuetatik bizirik atera zen aitaren historiaren berri emanez. Julen Gabiriaren lan eskergak ekarri digu Maus euskaraz. Hiru zurito eta lau txupito edanez topa egiteko modukoa, zinez.

Poz txikiekin jarraituz, zer opari polita ekarri digun Harriet argitaletxeak: lehen manga euskaraz. Ez da harritzekoa Durangon lehen egunetan agortu izana. Eta lehenaren atzetik bidean omen dira beste batzuk. Eutsi gogor!

«Banoa. Erria txikotak. Bizitza nirea da, eta eskutik helduta, bagoaz biok munduan barrena». Bai, Julio Villar da, baina bere kaierak beste doinu bat du orain, Ibon Gaztañazpiren itzulpenari esker, eta euskaraz ere sentiberatasun eta kresal usain bera dario Julioren arimari. Merezi zuen ¡Eh, Petrel!-ek euskarazko edizioa. Merezi zuen euskarak E, Petrel!

Halakoak eta beste titulu asko irakurrita bihotza tinkatzen zaizu, aurten ere euskarak zenbat lan eder eman dituen pentsatzen hasten baldin bazara.

Baita Mendi Film jaialdian ere, atzerriko film gehienak euskaraz azpititulatuta ikus daitezkeela jakinda.

Eta Bertso Txapelketa Nagusiaz zer esan, aldiro zoratzen naizela, miresmenez, bat-batean zer sortzeko gai diren ikusita. Hauxe bai jaia! Igandean mundua Argentina eta Frantziari, Messiri eta Mbapperi begira zegoen bitartean, gu Maialeni, Ametsi, Mendiluzeri, Illarregiri, Alaiari, Nerea Ibarzabali, Sustrairi eta Gaztelumendiri begira ginen, Illarregik agurrean nabarmendu bezala, «handi sentiarazi ohi gaituen mundu txiki hontan», lehia hartan denok ginela irabazle sentituta.

Agurreko bertsoak berriro entzun, eta negarrez hasten naiz, zirrararen zirraraz: Mendiluzeren hunkidura, amari kantuan; Ibarzabalen aldarria, «ekintza iraultzailea da elkarri entzutea» azpimarratzen; Sustrairen desira, «gaurkoak izan nahi luke bihotz taupada bat behintzat, gutasun berri batentzat». Eta gutasun horretatik Maialenen deia, «laguna altxa hadi, bultza hainbat borroka ederren martxari, kontrapisu eginez, eskuin balantzari, txapela bete indar mingaina dantzari, borroka irabazteko desesperantzari». Eta Ametsen deiadarra euskararen munduari: «Euskaldun bat sor liteke, Zumaian edo Goiatzen, euskalduna sor liteke, Konakryn edo La Pazen, euskara da beltzik beltzen, euskara da transik transen, gorputz onartu gabe bat, mundu berriak asmatzen, eta ibili gabe inori, pasaporterik eskatzen, euskaratik has gaitezen bizitza oro askatzen».

Bai, «ortozik doan hizkuntza honek beti hanketako hotza» duela kantatu zigun Ibarzabalek; alde horretatik, ez dago ilusio faltsurik, baina gaurkoan ez dut euskararen egoera dela-eta, negarrik egin nahi. Gaurko negarra pozetik eta emoziotik sortua da. Bai, azkena gure alde. Izan ere, zerak esaten zuenez, bizitzak emandako plazer txiki hauengatik ez balitz...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!