Elikadura burujabetza izango da hizketagai Sormenetiken

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi 2022ko ira. 23a, 12:08

Urriaren 1ean izango da Sormenetiken urteko bigarren saioa. Oraingoan, elikadura burujabetza izango da saioan landuko den gaia eta horretarako,  gaia bultzatzen diharduten bi mugimendu izango dira protagonistak Sormenetiken: Lurtaro Tolosaldeko elkartea eta Errigora ekimen herritarra. Lurtaro elkarteko Maddi Sarasola eta Errigorako Iker Ajuriagerra elkarrizketatuko ditu Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak. Saioa 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. Solasaldia amaitzean, zainzuri eta ardo dastaketa egongo da.

Lurtaro 2019ko ekainean jaiotako ekimena da, eta 2021ean bihurtu zen elkarte. Bederatzi pertsonak eman zioten hasiera bide horri eta tartean badira kontsumitzaileak, ekoizleak, herri mugimendu ezberdinetako kideak edota erakunde publikoetan esperientziadunak ere. Honek aukera ematen die elikadura kateaz bere osotasunean hausnartzeko eta elkarri lotuta dauden arazoei erantzun integrala emateko Tolosaldean. Lurtaro kooperatibaren bazkidetza kanpaina martxan da gaur egun. Elkartean erronka Tolosaldeko kontsumo eta ekoizpen beharrei erantzungo dien denda kooperatiboa martxan jartzea da, eta horretarako, gutxienez 300 bazkide laguntzaile behar dituzte.

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Bi kanpaina bultzatzen ditu urtean zehar Errigorak: udaberrian hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan; udazkenean berriz, Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dira. Kasu honetan, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren %25).

Zer da Sormenetik?

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!